Ane Ojanguren eta Manu Ledo (boluntarioak): "Galdu ezin den baina era berean sumindura sortzen duen esperientzia da"
- Zergatik sentitu zenuten Lesbosera joateko beharra?
Irailean etxean errefuxiatu bat hartzea pentsatu nuen, baina Pariseko atentatuaz geroztik, ezingo zirela ailegatu ikusita, bertara joatea erabaki nuen. Manuri ideia proposatu eta ados zegoela esan zidan. Elgoibarko bikote bat ezagutu genuen eta eurek izandako esperientzia kontatu ziguten, baita bidaia nola egin eta antolatu zuten ere. Urtarrilean joatekotan egon ginen, baina familia eta lan kontuak zirela eta, Aste Santua izan zen guretzat Lesbosera joateko momentu onena.
- Haurrak eramateko oihalak banatu zenituzten errefuxiatuen artean...
Uste dugu eurentzat oso garrantzitsua izan zela hori. Europara ailegatzeko bidaia jarraitu behar zuten eta umeak eramateko motxilatxoek gauzak asko errazten zizkieten. Janaria eta erropak eramateko elkarte eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak bazeuden eta ideia hau benetan baliagarria zela iruditu zitzaigun. 60 bat banatu genituen. Ikaragarria da nola eskertzen duten laguntza guztia.
- Nolakoa izan zen bertara iritsi zineten momentua?
Momentu gogorrenean ailegatu ginen, Turkia eta Europaren arteko akordioaren lehen egunean. Ordura arte GKE-k kudeatzen zuten kanpamendua eta egun hartan
Greziako poliziek GKE-ak botatzeari ekin zioten. Gu orduantxe ailegatu ginen eta errefuxiatuak kanpamentutik kanporatzen joan ahala, guk haurrentzako oihalak banatzea lortu genuen. Hasieran ez joatea gomendatu ziguten, baina guk
erabaki genuen hori zela geure momentua. Horrela konturatu ginen benetan zein garrantzitsua zen egiten ari ginena. Euren begiradan ikusten zen egiten genuena zenbat eskertzen ziguten.
- Beldurrik sentitu zenuten?
Ez, momentu batean ere ez. Euren beharrak ikusita beldur guztiak uxatzen dira. Errefuxiatuen egoeraren berri emateko irudi gordinenak erakusten dituzten hedabideek jendearengan beldurra sortzen dute. Sentsazionalismoak ezkutatu egiten du boluntarioen lana eta kalte handia egiten du, izan ere, laguntza emateak duen garrantzia ikusezin bihurtzen da. Egoera gogorra da zalantzarik gabe, baina beste ikuspuntu batetik enfokatu beharko litzateke.
- Nola laguntzen dute bertara joandako boluntarioek?
GKE-k aukera asko ematen dituzte parte hartzeko, norberak aukeratzen du zer egin; hondartzak garbitu, jatekoa prestatu… nahikoa askatasun duzu lagundu nahi duzun modua aukeratzeko. Dena dela, beti ibili behar da errefuxiatuen atzetik. Turkiara deportatzen badituzte, adibidez, boluntarioak ere Turkiara mugitzen dira.
- Zer sentsaziorekin bueltatu zarete?
Lagun asko egin ditugu, batez ere afganiarrak, eta nola tratatu dituzten eta kartzelara nola sartu dituzten ikusita amorru handiarekin eta haserre bueltatu gara. Ez dugu
ulertzen, adibidez, nola izan daitekeen horren laguntza urria errefuxiatuak Turkiatik
ekartzeko orduan eta errefuxiatuak Turkiara bueltan bidaltzeko, berriz, nola dagoen hainbeste segurtasun eta ferry. Onartezina da nola urratzen diren Europan hainbeste defendatzen dituzten giza eskubideak. Bertan zaudenean zure lana eskertzen duen jendez inguratuta zaude eta hori pozik hartzen da, baina buelta sumindurik egiten duzu, atzean lagatako egoera zein den ikusita.
- Zer esango zeniekete laguntzeko gogoa dutenei?
Galdu ezin den esperientzia dela. Errefuxiatuak eta horien esperientziak eta bizitzak ezagutzea ikaragarria da. Jende asko ezagutzen da, baita mundu guztiko erakunde eta boluntarioen lana ere. Facebooken orrialde bat zabalduko dugu laster, interesatuta dagoen jendeak gure esperientzia ezagutu eta boluntario joan nahi badute informazioa eskura izan dezaten.