Ane Urkiola, ikus-entzunezko freelance-a: "Diru gutxirekin emaitza onak lortu daitezke"
- Nola suertatu zitzaizun "No pido mucho" laburmetraian parte hartzeko aukera?
Bartzelonako unibertsitatean Zuzendaritza eta Produkzioa zinema eta telebistan masterra egiten nengoen eta kurtsoaren amaieran klasekideen artean laburmetraia grabatu behar genuen 35 mm-tan. Grabazioarekin hasi baino hilabete lehenago bakoitzak gidoi bana idatzi genuen eta, gure artean bozkatu ondoren, nireak eta beste batenak jaso zuten boto gehien. Orduan, gidoi bien arteko fusioa egin eta munduaren amaierari buruzko istorioa kontatzea erabaki genuen. Baiña azken momentuan arazoak izan genituen eta ezin izan genuen lana grabatu.
- Zer gertatu zen ba?
Kalean kamara batekin zerbait grabatzera irten ahal izateko, legeak hainbat baimen eskatzea aurreikusten du, danerako baimena behar izaten da. Guk automobilak sartu behar genituen grabazio-eremuan eta ez ziguten horretarako baimenik eman azken momentuan. Holakoetan produkzio zuzendariak (kasu honetan nik) aukera bi izaten ditu: grabazioa egiteko tokia aldatu edo, bestela, gidoia aldatu. Guk bigarren aukera hautatu eta gure esku genituen lokalizazio, aktore eta bestelako baliabideak erabilita, kontatu beharreko istorioa moldatu genuen. Gironako klasekide batek idatzi zuen.
- Hala ere, nolako esperientzia izan da?
Hau zinea da, 35 mm-tan grabatutako pelikula eta horrek irizpide batzuk ematen dizkizu, pelikula lata bi, hau da, lau minuturako pelikula besterik ez genuelako eta grabaziorako, berriz, 6 orduko tartea. 14 lagunek jardun dugu: Kataluniako lauk, Galiziako bik, Hego Amerikako zazpik eta euskaldun batek. Herrialde eta izaera ezberdineko lagunek eguneroko lana aurrera ateratzea erronka izan da. Bestalde, pelikula bat eskuekin ikutzea, zinema egitea… esperientzia polita izan da.
- Zerk erakartzen zaitu gehien?
Kulturako arlo guztiak eta ikus-entzunezkoak bereziki gustatzen zaizkit. Baina idaztea eta istorioak kontatzea ere asko gustatzen zaizkit. Gauzak dauden moduan egonda, baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugula uste dut, emaitza onenak lortzeko. Aurretik ere askok oso gauza onak egin dituzte diru gutxirekin.