Antzerki Laborategiaren fruituak ikusteko aukera egongo da ekainaren 1ean

Antzerki Laborategiaren fruituak ikusteko aukera egongo da ekainaren 1ean
2022/05/27 14:01
eta kitto!
Eibarko Antzerki Laborategiak urrian ireki zuen teloia. Hiru hilabete iraun zuen lehen saioak, baina arrakasta ikusita, ekimenarekin jarraitzea erabaki zuen Udalak eta, orain, urtean zehar landutakoaren zatitxo batez gozatzeko aukera izango dugu ekainaren 1ean, eguaztenean, Coliseoan. Irene Hernando Antzerki Laborategiaren arduraduna “oso pozik” dago urtean zehar egin duten lanarekin eta datorren ikasturtean Antzerki Laborategiaren jarraitzea gustatuko litzaioke. “Parte-hartzaileek ere horrela eskatu dute”, diosku.

 

Haurrek eta helduek hartu dute parte Antzerki Laborategian (22 haur eta 32 heldu) eta, talde guztiek egindako lana ikustekoa denez, sei saio eskainiko dituzte eguazteneko ekimenean. Lehenik, 17:45ean, umeen hiru talde igoko dira eszenatoki gainera; eta gero, 19:45ean, helduen hiru taldeen txanda iritsiko da.

Sarrerak haurren zein helduen saioak ikusteko erosi ahal izango dira 3 eurotan bakoitza, eta bi saioak ikusteko ere erosi daitezke, noski. Erosteko, Coliseoko leihatilan eskuratu daitezke astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era, edo saioa hasi baino ordubete lehenago; eta baita Kutxabank bitartez ere.

 

Talde bakoitzari egokitutako antzezlanak

Coliseoan ikusiko diren antzezlanak Hernandok sortu eta zuzendu ditu. “Antzezlan bakoitza talde bakoitzaren ezaugarri eta nortasunera egokitzen saiatu naiz”, diosku, “beraz, antzezlanak ezberdinak dira, teknika eta gai ezberdinak erabili ditugularik”.

‘Xaharrak’ izango da haurren lehen ikuskizuna eta proposamen berezia dakarkigute: “Eibarko zaharren egoitza bateko koadrila batek milioi bat eurorekin ihes egiten du eta hor hasten da euren abentura”, diosku Hernandok.

Bigarren taldearen proposamena ‘Espaziora bidaia’ da. “Objektu-antzerkia egingo dute eta objektu baten bitartez istorioa kontatuko dute”, dio zuzendariak.

Haurren azken taldearen ikuskizuna ‘Kolore-kolore’ da eta gizartean hainbeste eztabaidatu den gai bat jarriko dute mahai gainean: “Lau koloreren arteko epaiketa izango da, gizakien kolore gustukoena zein den erabakitzeko”, azaldu digu Hernandok. “Horrela, koloreekin eta emozioekin egingo dute antzerkia ume hauek”.

 

Antzerki-teknika ezberdinak

Helduen artean ‘Tok-tok’ izeneko lana da talde baten proposamena. “TOC direlakoen inguruan jardungo dugu, gure estiloan, testu-antzerkia eginez”, diosku zuzendariak.

Bigarren proposamena ‘Clown town’ da eta, izenburuarengatik atzeman daitekeen bezala, clown teknika erabiliko dute. Sketch ezberdinak egingo dituzte antzerki mutua, umore absurdua eta beste hainbat gauza landuz.

‘Bizitza is life’ da azken lanaren izenburua. “Programa bat azalduko da eta, bertan, bizitza ‘normal’ bat eramateko pautak emango dira, ironiaz beterik. Antzerki-fisikoa landuko dute antzezleek”, argitu digu Hernandok.

 

Argazkiak: Maitane Campos

Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-387 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-368 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-328 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-321 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-246 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-186 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-161 Antzerkia_2022_05_22_Maitane_Campos-54