Antzerki laborategiaren funtzio arrakastatsua

Antzerki laborategiaren funtzio arrakastatsua
2022/01/21 eta kitto!
Antzerki Laborategian ez dago pipetarik, matrazerik edo probetarik, baina demaseko kimika sortu da Irene Hernando aktore, sortzaile eta antzerki irakasle eibartarraren ikastaroan. Antzerki-tailerrak urrian zabaldu zituen ateak eta lehen kapitulua amaitzear da, baina parte-hartzaileak oso pozik daude Errebal Plazian ezagutu duten mundu berriarekin eta, ekimenaren arrakasta ikusita, antzerki-tailerrak jarraipena izango du eta ikasle berriek izena eman ahal izango dute gainera.

 



 

Errebal Plazia erdi hutsik dago oraindik, baina antzerki laborategiko parte-hartzaileek mundu berri bat sortu dute bertan, antzerkiak eta imajinazioak zabaltzen dituen mugak aprobetxatuta. Eguazten arratsaldeetan Errebaleko teloia altxatzen da eta parte-hartzaileek irudimena askatzen dute Irene Hernandoren gidaritza bikainarekin.

Ordu eta laurden irauten duten lau saiotan banatuta, umeak, nerabeak eta helduak Errebaletik pasatu dira urriaz geroztik, hainbeste urtetan herrian elikatu ezin izan den antzerki gosea asetzeko. “Hasieran, beste era batean mugitzeko beharra atzeman nuen jendearengan”, esan digu Hernandok eguazteneko klaseak amaitu eta berehala. Izan ere, berak dioen bezala, “antzerki fisikoak poesia sartzen dio gorputzari”.

Antzerkia egin dute, baina bizitzarako tresnak jaso dituzte hilabete hauetan. “Alderdi asko lantzen ditugu: antzerki fisikoa, euskara, emozioak, irudimena, taldeko lana… baina batez ere jendearen poztasuna nabarmenduko nuke. Atetik sartzen den pertsona eta klase amaieran kalera irteten dena oso pertsona ezberdinak dira”, Hernandoren ustez. “Oso pozik irteten dira hemendik eta horrek demaseko gogobetetzea ematen dit”, gehitzen du.

 

Asko ikasi ondo pasatuz

Ikasleak bezala, Hernando oso pozik dago orain arte egindako lanarekin. “Uste nuena baino askoz hobeto irten da dena”, diosku, eta ikasleen jarrera goraipatzen du: “Jolasteko demaseko gogoa dutela ikusi dut. Oso ikasle onak dira!”.

Jolasteko gogoa dute, baina ez umeek bakarrik, baita helduek ere. Izan ere, oso adin ezberdinetako jendeak hartu du parte tailerrean. “Adin bakoitzaren beharretara eta parte-hartzaileen izaerara egokitu ditut saioak, baina kalitate aldetik maila bera eman diet klaseei”, azpimarratzen du irakasleak.

Arlo ludikoak garrantzia du Hernandoren klaseetan, baina horrek ez du esan nahi bertan ikasten ez denik. Are gehiago, gauzak ikasteko modu atseginagoa da. “Ludikoa esaten denean badirudi ez dela ikas ten edo lan egiten, baina justu kontrakoa da, askoz gehiago ikasten da. Kontua da ahoan irribarre batekin ikasten dela”, azpimarratzen du. Hernandok ibilbide luzea egin du antzerkian, arte-eszenikoetan, sorkuntzan eta beste zenbait arte-diziplinatan, eta urte hauetan ikasi duena igortzen saiatzen da ikasleei.

Hiru hilabete eta erdi besterik ez ditu iraun laborategiaren lehen funtzioak, baina irakasleak demaseko eboluzioa ikusi du ikasleengan. “Hasieran jendea lotsatuta zegoen, ez delako erraza jende aurrean ohituta ez gauden gauzak egitea, baina gaur egun familia osatu dugu Errebalen”, dio harro. “Ikasleek antzerki-teknika eta ezagutza aldetik eboluzionatu dute, baina ez hori bakarrik, pertsona moduan hiru pausu aurrera eman dituztela esango nuke”, gehitzen du.

 

Bigarren funtzioa

Ikastaroak datorren astean izango du amaiera, baina lehen funtzioaren amaiera besterik ez da izango, otsailean bigarrena hasiko delako. “Hasieran ez genekien tailerrak ondo funtzionatuko zuen edo, amaitu ondoren, jendeak jarraitu nahi izango zuen. Baina denek errepikatuko dute eta horrek demaseko ilusioa egiten dit aurrera begira”, dio pozik Hernandok.

Tailer berria otsailaren 8an hasi eta maiatzaren 31n amaituko da, eta bi maila egongo dira, 0 eta 1. 0 mailan ikasle berriak bi taldetan banatuta egongo dira (L.H.-ko 3. mailatik DBH-ko 2. mailara 18:15etik 19:30era, eta DBH-ko 3. mailatik gorakoak 19:30etik 20:45era, denak martitzenean), eta 1 mailan orain arte laborategian ibili diren parte-hartzaileak arituko dira, lau taldetan banatuta, orain arte egindakoari jarraipena emateko asmoz.

Gaur zabaldu dute aurrematrikula egiteko epea eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik. Tailerra euskaraz eta gazteleraz eskainiko da eta, prezioari dagokionez, Eibarren erroldatuek 40 euro ordaindu beharko dute eta Eibartik kanpokoek 80 euro.

Esan bezala, lehen ikastaroan parte hartu duten guztiek eman dute izena bigarrenerako eta ez da harritzekoa, irribarre handi batekin irteten direlako klasetik. Ikasleek berba goxoak besterik ez dituzte irakaslearentzat eta biziki gomendatzen dute antzerki laborategian izena ematea. “Egunerokotik irteteko demaseko ekintza da. Momentu batez arazoak atzean lagatzen dituzu, burua askatzen duzu, lotsak kendu, barre egin… Hau ikusita, izena emango ez banu damutu egingo nintzateke”, esan digu parte-hartzaile batek.

Sortzailea den neurrian, Hernandok “hamar mila proiektu” ditu buruan eta antzerki-tailerreko ikasleekin egiteko ideia ugari sortu zaizkio. “Coliseoko argietan pentsatzen jarria naiz dagoeneko!”, dio irakasleak. Ikasleek egindako lana formatu txikian erakustea gustatuko litzaioke. “0 mailatik gorako talde bakoitzarentzat ikuskizunak prestatzen hastea da epe motzerako dudan proiektua. 0 mailakoen kasuan nola moldatzen diren ikusi beharko dut. Prozesuari garrantzia gehiago ematen diot eta prest daudela ikusi arte ez ditut edozein gauza egiten jarri nahi”, diosku.

Hernandok eta ikasleek zerbait ederra sortu dute Errebalen eta antzerki mugimendu berri honek jarraipena izatea nahi dute. “Eibarren oso gauza politak egin daitezkeela uste dut, eta herritarrentzat oso aukera polita eta aberasgarria da beste modu baten hazteko eta ikasteko”, bere ustez. Bizitzeko beste modu bat da antzerkia.

Antzerki Laborategia47-2 Antzerki Laborategia51-2 Antzerki Laborategia52-2 Antzerki Laborategia63-2 Antzerki Laborategia69-2 Antzerki Laborategia214-2 Antzerki Laborategia217-2 Antzerki Laborategia223-2 Antzerki Laborategia231-2 Antzerki Laborategia234-2 Antzerki Laborategia242-2