Apirilaren 26an UEUk “Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa” egingo du Eibarren

Atzo egin zen aurkezpenean Abel Camachok, Ireide Arriolabengoak eta Aitzol Astigarragak, topaketako batzorde antolatzaileko kideek parte hartu zuten.
Apirilaren 26an UEUk “Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa” egingo du Eibarren
2024/04/18 10:31
eta kitto!

Apirilaren 26an “Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa” hartuko du UEUk Eibarren duen egoitzak. Jardunaldian zehar ibilbide bat proposatu dute iraganetik etorkizunera doana, gaur egun gai honen inguruan dauden arazoak nahiz esperientziak ere gogoan hartuta. Izena emateko epea zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Atzo egin zen aurkezpenean Abel Camachok, Ireide Arriolabengoak eta Aitzol Astigarragak, topaketako batzorde antolatzaileko kideek parte hartu zuten.

Antolatzaileen esanetan, Mooteu Euskadi topaketa oso garrantzitsua da, bertan profil ezberdin baina interes bertsuko lagunak bildu eta elkartruke horrek ekarpen handia egiten diolako plataformari. Moodlemoot Euskadi jardunaldiaren lehen edizioa 2007an izan zenetik hona, etengabe hazi da Moodle izeneko Ikaskuntza kudeatzeko Sistemaren (IKS) erabilera. Moodle zabalduen dagoen LMS edo ikaskuntza kudeatzeko sistema da, eta une honetan, hezkuntza-etapa guztietako irakasleak ari dira erabiltzen. Horren zabalkunde zabalak dakar, ezinbestez, era eta molde guztietako hezkuntza-esperientziak gertatzea han eta hemen eta hain zuzen ere hori da topaketaren helburua.

Une honetan, baina, e-learningak, eta horrekin batera ikasteko plataforma telematikoek, teknologiaren nahiz metodologiaren ikuspuntutik, ziurgabetasunik gabeko garapena izango dutela adierazi dute UEUko kideek, bide hori baldintza dezaketen aldagaiak hainbat direlako: “Besteak beste, adimen artifiziala dugu, baina ez hori bakarrik. Jakin badakigu ikasteko moldeen arteko aldeak lausotzen ari direla, eta, halaber, ikasgela hedatuak (HyFlex) gora doazela. Gainera, ikasteko eta irakasteko ekosistemek ikuspuntu globalago batetik erantzungo diete hezkuntza-premiei, eta horietan Moodle ere birkokatu beharko da”.

Jardunaldian zehar ibilbide bat proposatu dute UEUko antolatzaileek, iraganetik etorkizunera doana, gaur egun gai honen inguruan dauden arazoak nahiz esperientziak ere gogoan hartuta. Horrela, jardunaldiaren sarrera-hitzaldian Euskal Herrian e-learningak historikoki izan duen ibilbide metodologikoa laburbiltzen saiatuko dira. Jakina, garapen horretan Moodlek oso rol garrantzitsua jokatu du, eta tresna den aldetik, urte hauetan izandako garapen teknologikoa aztertuko dute. Horretarako, ezinbestez, ikasgela birtualaren itzulpenean nahiz esperientzia metodologiko berritzaileetan lagundu duten pertsonak eskertzeko ere baliatu nahi dute hitzaldia.

Era berean, gaur egun era guztietako esperientzia berritzaileak gauzatzen ari dira Euskal Herrian. Hori dela eta, Mooteu Euskadi topagune ezin hobea da horien berri emateko, “elkar ezagutzetik eta nork bere proiektuak partekatzetik etor baitaiteke berrikuntza”.

Jardunaldiaren amaieran hemendik aurrera adimen artifizialak eman dezakeena aztertu edota aurreikusi nahian arituko direla aipatu dute antolatzaileek: “mahai-inguru formatua eman diogu azken saio horri, eta hizlariak zein diren ikusita, argi dago oso interesgarria izango dela eztabaida, alderdi teknologikotik zein metodologikotik. Horrez gain, adimen artifizialak sorraraz ditzakeen zalantza etikoak ere jarriko dira mahai-gainean”.

Azkenik, Abel Camachok aipatu du Euskal Herrian UEU izan zela Moodle erabili zuen lehen erakundea, hain zuzen, 2004ko otsailean eskainitako “Interneten informazioa aurkitu: non eta nola” izeneko ikastaroaren bitartez. Ikastaro hura Luistxo Fernandezek eman zuen eta Moodleren 1.0.8 bertsioan oinarritu zen. UEUk hasiera hartan lehenbiziko itzulpenean ere lagundu zuen, eta ordutik, etengabe erabili izan du ikasgela birtual hau bere online eskaintzan, bai ikaskuntza formaleko testuinguruan (hainbat graduondokotan eta irakaskuntza-masterrean), bai ikaskuntza ez-formalekoan (profesionalen etengabeko prestakuntzaren esparruan ehunka ikastaro eskaini dira). Bestela ere, UEU aitzindari eta agente nagusietako bat izan da irakasleen konpetentzia digitalaren garapenerako prestakuntza-ikastaroetan: “gaur egun han eta hemen testuinguru birtualetan ari diren irakasle askok eta askok UEUri esker eskuratu dute prestakuntza teknologikoa eta metodologikoa. Bestela esateko, UEUk ikasle eta irakasle askori online ikastaroak zertan diren irudikatzeko modua eman die. Hau guztiagatik, pozik gaude bigarren aldiz MoodleMoot Euskadi topaketa antolatzeagatik”.

 

EGITARAUA

09:00 – 09:30  Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:30 – 10:00  Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena. (Armeria Eskolan)
• Aitor Bengoetxea Alkorta (UEUko zuzendaria)

10:00 – 11:00  Hitzaldia: Moodle eta e-learninga Euskal Herrian: izanak eta izenak.
• Abel Camacho Romero (UEU)

  • Gidaria: Ireide Arriolabengoa Igarza (UEU)

11:15 – 11:45Kafe-etena. (Markeskoan)11:45 – 13:45Saio paraleloak (Markeskoan)
 
1.GELA: esperientzia didaktikoak
• UEUko ikastaroen diseinu eta prozesu didaktikoak. Alazne Lazpiur Roman (UEU)
• Tolosaldea Lanbide Heziketan, ETHAZI ereduko erronken moodleko ezarpena. Iñigo Balerdi Urrestarazu (Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutua)
• Moodle ikastaroetan, generoaren araberako aldaerarik al dago komunikazio jardueretan? Ainhoa Latatu Nuñez (UEU-GOI)
Gidaria: Oihane Landazabal Bernabeu (UEU)


2.GELA: esperientzia teknologikoak
• Kalifikazio-liburua eta baldintzazko formulen erabilera. Lander Intxausti Arriolabengoa (BAM, UEU-GOI)
• IRADI, Irakaskuntza Digitaleko proiektua. Koldo Alijostes Bordagarai (Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxea) eta Olaia Egurrola Arrizabalaga eta Danel AgirrezabalSolaberrieta (Berritzegune Nagusia).
• Moodle zerbitzariaren kudeaketa sistema administratzailearen ikuspegitik. Pedro Arreitunandia Ituarte (IMH).
Gidaria: Ireide Arriolabengoa Igarza (UEU)


3.GELA: Moodle LABORATEGIA
• Emilio Delgado Martínez (UEU)
• Iñigo Zendegi Urzelai (MU)
• Juan Ezeiza Gutiérrez (Axular Lizeoa, UEU)
Saio honetan partaideen galderei zuzenean erantzungo zaie, modu ireki eta parte hartzailean.


13:45 – 14:45Bazkari-mokadua.


15:00 – 16:30Mahai-ingurua: Hezkuntzaren etorkizuna adimen artifizialen garaian: non gaude? zer dator?
Dinamizatzailea: Aitzol Astigarraga Pagoaga (UEU-GOI)
Gonbidatuak:
• Make Irigoien Perurena (Bilboko Unamuno BHI, UPV-EHU, UEU)
• Beñat Erezuma Arisketa(Berritzegune Nagusia, Aholkularia: Digitalizazioa eta berrikuntza tekno-pedagogikoa)
• Juanan Pereira Varela (UPV/EHU Informatika fakultatea, ONEKIN Research Group)

16:30 – 17:00Amaiera eta lekuko aldaketa.