Arantza Urretabizkaia, idazlea: "Zahartzeko modu berri bat asmatu behar dugu"
- Liburuan zahartzaroari nolabaiteko ikuspuntu baikorra eman nahi izan diozu, zahartzeko modu bakarrik ez dagoela azpimarratuz.
Zahartzaro guztiak ez dira berdinak, gaztaro guztiak desberdinak diren bezalaxe. Zahartzea meritua da, ez baita edonor adin horretara ailegatzen. Kontua da orain nola zahartu nahi dugun erabakitzeko aukera dugula, ez gaituela inolako legeak ezertara behartzen. Hori bai, zahartzeko modu berria asmatu egin behar dugu. Zantzuak daude, han eta hemen, baina ez, oraindik, eredu berri bat.
- Nolako zahartzaroa nahiko zenuke zuretzako?
Nik ez dut aurretik geratzen zaidan denbora irakasten pasa nahi. Ezer gutxi dut nik irakasteko. Asko, ordea, ikasteko. Benetan sinesten dut nire bizitzaren hoberena etortzeko dagoela.
- Zure lanetan emakumeek pisu handia izaten dute, zergatik?
Gizartearen erdia gara, baina oraindik arraroa egiten da gure protagonismoa, etxetik kanpo. Nire aspalditxoko eleberri batean (Saturno) gizona da protagonista. Zerbaitetan sinesten badut, berdintasunean
da, gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunean.
- Zer iruditzen zaizkizu horrelako literatura-tailerrak?
Gure literatura urrezko aroan dago. Eta urre horren artean, irakurle taldeak dira puntaren punta. Nire belaunaldikoak letretan hasi ginenean ez genuen ezer, ezta irakurlerik ere. Orain idazleok irakurleak ditugu eta, are gehiago, irakurle antolatuak.
- Zein proiektutan diharduzu une honetan?
Momentu honetan fikzioa ez den zerbait dut eskuartean, garai baten lekukotasuna izan nahi duen zerbait.
- Durangoko Azokak marka hautsi du bisitari kopuruari dagokionez. Nola ikusten duzu euskal literatura, eskaintza zein kontsumo aldetik?
Esan dudan bezala urrezko aroan gaude. Bostehun urtetan ez dugu gaurko egoera ezagutu. Orain, baieztapen horrek galdera bat dakar: zer dator urrearen segidan? Idazleon eta irakurleon eskuetan dago.