[ARGAZKI-BILDUMA] Lanbide Heziketako 1.800 ikasle inguru bildu dira Ikasenpresa Azokan
Ekitaldia Tknikak (Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa) antolatzen du –Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpe dagoen atala, Eibarko Udalaren eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako enpresen lankidetzari esker.
Enpresa txiki bat sortzea eta abian jartzea da Ikasenpresak Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasleei planteatzen dien erronka. Euskadiko Lanbide Heziketako eredu metodologikoaren barruan lan egiten da, eta eredu horretan funtsezkoa da irakasle-taldearen lankidetza-lana.
Ikasenpresa enpresa-simulazioa bada ere, eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa denez, irakasleen lankidetza-lan horrek negozio-ideiak lanbide-arloarekin lotuta egotea, berritzaileak izatea eta zikloko irakasle-talde osoa inplikatuta egotea ahalbidetzen duela nabarmentzen dute arduradunek: “Negozio-ideiak aztertzen ari diren lanbide-arloekin lotuta daude, eta pertsonen edo haien ingurunearen bizi- kalitatea hobetzera eta iraunkortasuna kontuan hartzera bideratuta egon behar dute”.
Aurten Euskadiko 50 ikastetxe ari dira Ikasenpresa egitasmoan parte hartzen, 106 irakasle eta 1.800 ikasle inguru. Sortutako proiektu edo Ikasenpresak, berriz, 339 dira. Horietan eskaintzen dituzten produktuak eta zerbitzuak askotarikoak dira, baina gehienak eremu hauetan garatzen dira: jarduera fisikoak eta kirolak; industria; irudi pertsonala; ostalaritza eta turismoa; informatika; diseinua; gizartearentzako zerbitzuak; arte grafikoak; nekazaritza eta arrantza; eta zerbitzuak.
Gaurko azokan erakutsi dituztenen artean hauek nabarmendu daitezke: Kalistenia-zirkuitua (gimnasia parkeetan); basoen digitalizazioa, arazoak prebenitzeko; herririk herri eramateko kirol-saio gidatuak (gap, aerobik, step,...); labore-lurren konposizioa aztertzea eta ongarri naturalak fabrikatzea; hidrogeno berdea sortzea energia-iturri gisa; estetika eta ongizateko zerbitzu integralak; marketing-aholkularitza; betiko bizikletak bizikleta elektriko bihurtzea; ibilgailu klasiko eta historikoentzako pieza deskatalogatuak (eskaneatzea eta 3D-n inprimatzea); eta soropila mozteko makinak urruneko kontrolarekin egiten dituen enpresa bat.
[foogallery id="126795"]