Armeria Eskolak lau domina lortu ditu EuskoSkills lehiaketan

Ekitaldiak Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle trebatuenak biltzen ditu
Armeria Eskolak lau domina lortu ditu EuskoSkills lehiaketan
2025/05/20 11:20
eta kitto!

EuskoSkills 2025 txapelketa egin da maiatzaren 13tik 15era Irungo Ficoba azoka-barrutian eta Armeria Eskolako ikasleek lau domina eskuratu zituzten: bi urre, eta zilarrezko eta brontzezko bana.

Ekitaldi honetan Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle trebatuenak biltzen dira hainbat espezialitatetan lehiatzeko, eta hauen ezagutza eta trebetasunak proban jartzeko. Armeria Eskolak zazpi espezializateetan hartu du parte eta lauretan lortu ditu dominak. “Emaitzak irakaskuntza proiektu solido baten emaitzak dira”, euren berbetan. “Berrikuntza, lehen mailako prestakuntza eta ikaslegoaren garapen integral batengatik apostu egiten duen proiektu baten emaitzak. Sarietatik baino haratago, egindako bidea da ospatzen dena: Praktika orduak, irakasleen dedikazioa eta ikaslegoaren etorkizunarekiko konpromiso sendoa oinarri hartuz”.

 

Bi urrezko domina

Armeriak eskuratutako urreak bi talderen eskutik iritsi ziren. Batetik, elektronikako espezialitatean, Mantentze-Lan Elektroniko zikloko Aimar Eizagirre eta Jon Vidaurre txapeldun izan ziren. “Teknikoki duten ahalmena eta denbora errealean arazo konplexuak konpontzeko duten gaitasuna erakutsiz garaipena lortzeko gai izan ziren”, Armeriakoen berbetan. Bestalde, Automatizazioa eta Robotika Industrialeko Bastian Pinto eta Endika Carmonak ere Robotika Industrialeko espezialitatean urrezko domina lortu zuten. Hauen garaipenak Armeria Eskola lehen mailako ikastetxe bat bezala kokatzen du automatizazio, digitalizazio eta robotika moduko arlo industrialetan, teknologia berrietara egokitzeko eta hauek hezkuntzan txertatzeko ahalmena erakutsiz.

 

Zilarrezko eta brontzezko bana

Zilarrezko domina utomatizazioa eta Robotika Industrialeko Txomin Madarieta eta Iker Vieco ikasleek lortu zuten Kontrol Industriala espezialitatean. “Sistema automatizatuak zehaztasunez eta segurtasunez integratzeko ahalmenak epaimahaiaren errekonozimendua lortu zuen”, Armeriakoen berbetan.

Brontzezkoa, azkenik, Mubashar Qamar Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan goi-mailako zikloko ikasleak irabazi zuen CNC Fresaketa espezialitateko konpetentzian. “Kontrol numerikoko makinekin duen abileziak Euskal Herriko ikasle trebatuenen artean kokatzea ahalbidetu zion “, diote Armeriatik.