Asier Serrano (idazlea): ”Arnas luzeko idazketarako entrenamendua dira olerkiak”
- Sari bi eman dizkizute, biak olerkiekin. Nolakoak dira saritutako lan horiek?
Sariak norberak nola hartzen dituen, horren araberakoak dira. Epeekin nere burua behartzeko modura hartzen ditut nik lehiaketak, arnas luzeko idazketari ekin baino lehen, entrenamendu ariketa gisa idazten ditut olerkiak. "Abisalia" amaituta, ipuinen jarraipen modukoa idazteko asmoa nuen, bizi izan nuen mina kontatzeko. Izan ere, nire mina konpartitzeko era bat da, nire mina unibersalizatzeko modua. Azken batean, min guztiak ezberdinak dira, baina mina denok hartzen dugu. "Ate osteko itzalak" izenburuaren aurretik "Maitale hautsien itzalak" ipintzekotan ibili nintzen. Apurketa sentimentala nola bizi den kontatzen duen lana da, nire bizipenetan oinarritutakoa. Niretzat idazketa balsamo modukoa da. Norberaren argitasuna bilatzeko ilunera joan behar dugula uste dut, gure itzala bilatu. Izakion patua aurrera egitea da eta. Azken batean besteen kalteak egiten gaitu libre. Itzalak, baina, umore beltzaz oso zipriztinduta daude, nire buruaz barre egiten ahalegintzen naizelako. Gure buruak barkatzen ikasteko ariketa garrantzitsua dela pentsatzen dut. Lan aberatsa izan da.
- Eta jarraian, bigarren olerki-lanari ekin zenion…
Hori idazten amaitu nuenean etapa bat itxi zen, baina, hala ere, ez nuen nire burua idazkuntza luzerako prest ikusten eta horrela hasi nintzen "Linbotarrak" idazten. Gizarte bat erretratatzeko liburua da hau. Nire lanean konstante bi etenbarik errepikatzen dira: batetik gai egolatrak, niri buruzkoak daude eta bestetik ardura sozialak gidatutako lanak leudeke. Aurreko lana idazten indarra hartu ondoren, nitik gura pasatzea erabaki nuen eta liburuan gaur egungo gizarteari buruz dihardut, gure kontraesanez… Umore beltza darabilt honetan ere, nire burua anti-heroitzat hartuta, hemen gizartea da zigortua. Linboa ez bizirik ez hilik egoteari deitu diot nik, lurraren gainean bizi dugun une hau da niretzat linboa. Gizarte honetan bizirik egonda hilaren modura bizitzea. Eta era berean, harrigarria egiten zait bizirik ez daudenak, hildakoak gure artean horren presente egotea. Liburuan zakildun aingeruak eta kontzientzia duten deabruak agertzen dira. Nik gizakia maite dut, baina ez taldean dagoenean, horrela gero eta gutxiago gustatzen zaizkit. Gizakiok gure konplexuak onartzen ez ditugulako izaten dugu biltzeko beharra.
- Ikasle sasoian askori arraroa egiten zitzaion zuk olerkiak eta idaztea. Nola bizi duzu hori irakaslea zaren aldetik?
Bizitza hiru taldetan bereizten dut: publikoa, pribatua eta intimoa. Lehena eta hirugarrena oso oso ondo babesten ditut, baina pribatua, nire ohiturak eta horrelako kontuak ez ditut ezkutatzen. Nire ikasle sasoian idaztea nire barruko haserrea ateratzeko modu bat zen. Berez, marrazten hasi nintzen, baina irakasleek klasean apunteak hartzen nituela pentsatzeko, errazagoa zen idaztea marraztea baino, horregatik hasi nintzen idazten. Guri irakasle modura itsu-mutilaren rola betetzea dagokigula uste dut, ikasleen dohaiak, zer gustatzen zaien, zerk egiten dituen zoriontsu… horiek detektatzeko egon behar gara irakasleak. Kurrikulumak eskatzen dituen gaiak beteta ere, beti dago tranpetarako aukera. Gauza bera gertatzen da ikasgelatik kanpora: beti dago gizarteak eskatzen duena tranpeatzeko aukera.
- EH Sukarraren azken lanerako letrak idazten ibili zara, ezta?
Berez, orain dela 22 urte hasi nintzen horretan. Aurreko batean 300 abestitik gora erregistratuta daukadala jakin nuen, baina nik diskoa atera barik hamar urte daroiat. Horrelako lanak enkarguz egiten ditut, oso azkarra izan da Norton eta biok aspaldiko lagunak garelako, baina horrelako lanek ez naute asebetetzen, nire buruarekin kritikoagoa izan behar dudala uste dut. Olerkiak niretzat askatasun sinboloa diren moduan, melodia bati letra ipintzeak lotura dakar, sormenari mugak ipintzen dizkio.