Arraguetaren berrurbanizazio lanak Iberdrolak 16 zenbakiko kableak kendu ostean hasiko direla jakinarazi du Udalak
Eibarko Udalak jakinarazi du Arragueta kaleko berrurbanizazio lanak laster hasiko direla, Arragueta kaleko 16. zenbakiko eraikina eraitsi ondoren. Obrak abiatu aurretik, Iberdrolak eraikinarekin lotutako kableak kendu behar ditu; behin lan hori eginda, eraispena planifikatu ahal izango dela adiarazi du Udalak.
Udalaren arabera, jarduketak 1,25 milioi euro inguruko aurrekontua izango du eta Arragueta kalea erabat berrurbanizatzea aurreikusten du, Arikitza eta Urkizu arteko zatian. Proiektuak espaloi zabalagoak, argiztapen hobea eta irisgarritasun handiagoa ekarriko ditu, baita Arragueta eta Bidebarrieta arteko konexioa hobetzea ere.
Lan hauek, hala ere, aurreikusitakoa baino beranduago hasiko dira. Izan ere, iazko amaieran Udalak adierazia zuen berrurbanizazioa 2025eko azken hiruhilekoan hastea zela asmoa, baina hainbat tramite tekniko eta azpiegitura-lan egin behar izateak egutegia atzeratu du.