ARRATE ESPILLA: “Amama eta amarekin ikasi dut gantxiloa egiten”
-Zelan joan zen azoka eguna? Nola esperientzia izan zen?
Lehen aldia izateko, oso ondo egon zen. Oso gustora egon nintzen. Jende ugari hurbildu zen bertara, goizeko 10.00etatik, eta eguraldiak asko lagundu zuen. Giro polita zegoen, jende asko kalean, lanpetuta ibili ginen.
-Nola joan ziren salmentak?
Saldu zen zerbait. Nik ez neukan gauza asko, baina inbertitutakoa amortizatzeko bezain beste saldu ahal izan nuen.
-Zelan sortu zitzaizun azokan parte hartzeko aukera?
Jone Perales nire lagunak hiru urte daramatza Euskal Jaian parte hartzen eta Eibart-eko kidea da. Berak bazekien nik hainbat gauza egiten nituela, eta azokan jendea behar zutenez, nire lanak erakutsi eta saltzeko komentatu zidan. Berarekin laguntzen eta abar ibili nintzen, eta baiezkoa eman nion. Ez negoen parte hartzeko ziur, baina prestatu, gauzatxoak egin eta aurrera jotea erabaki nuen.
-Nolako lanak egiten dituzu?
Gantxiloarekin hainbat gauza egiten ditut. Adibidez, brotxeak, pultserak edo koilarrak.
-Nondik datorkizu afizioa?
Etxetik. Amak puntoa egiten du eta beti ikusi izan dut horrelakoak egiten. Orain dela urte bi hartu nuen nik gantxiloa. Gauzatxoak egiten hasi, eta amama eta amarekin ikasi dut. Beno, amarekin gehiago.
-Azokan parte hartzen duzun lehen aldia dela aipatu duzu, baina bestela zure lanak saltzen dituzu, lagunekin konpartitzen dituzu…?
Egindako lanak oparitzeko hasi nintzen horrelakoak egiten. Adibidez, lagunen baten urtebetetzea bazen, nik horrelako lanak egiten nituen opari bezala emateko. Orain, azokan egoteko eta bertan lanak saltzeko aukera eduki dut, baina oparitzeko egiten ditut gehien bat. Afizio moduan hartzen dut.