Arrateko Jaiak beti gozagarri
2017/09/07
10:08
eta kitto!
Urteko momentu berezia izaten da Arrate eguna Mirenen familian. Miren eta Miren, amama eta iloba. Jaiez gozatzeko modu bi eta sentimendu bera. Arrateko Amari behar bezalako omenaldia egiten diote urtero, Arrateko Amari dioten maitasunaren adinakoa. Pasa dira urteak, aldatu dira ohiturak eta beti iristen da irailaren 8a. Herriko altxorraren egun handia.
Bihotzean ez ezik, izenean ere darama Arrate Miren Iriondok. Miren Arrate Iriondo da. “Beno, Maria da berez, baina Miren deitu didate beti”, azaltzen digu Merkatu Plazan baserriko produktuak saltzen dituen bitartean. Plazara hurbiltzen diren erosle guztiek agurtzen dute eta berriz saltzen ikusteaz pozten dira. Mimo handiz prestatzen ditu produktu freskoez betetako poltsak eta egun ona opa die ondo kargatuta doazen erosleei. Alboko postuetan auzokideak ditu, Arrate Balleko hainbat baserritar, besteak beste. Eurentzat ere egun politak datoz, txikitatik gozagarriak izan diren egunak.
Orain Sumendixa baserrian bizi bada ere, lehen Altzubarren baserrian bizi zen Miren Iriondo. “Azitain Arrate baino hurbilago genuen eta bertako jaiak ere oso garrantzitsuak izaten ziren guretzat, baina Arratekoak bereziak izaten ziren, denbora asko egiten genuelako bertan. Beraz, jaietan beti igotzen ginen bertara, noski”. Altzubarrenen bizi zenean, Orbeko bidetik igotzen zen Arratera; Sumendixatik, ordea, ama birjinaren pausoetatik. “Gainera, Sumendixaren lurretan dago lehenengo pausoa”.
Barixakuan ehundaka lagun igoko da Arratera pausoetatik, baina Iriondok gogoratzen duenez, bere sasoian ere jendez betetzen zen Arrate. Orduan ia denak oinez igotzen ziren, kotxean oso gutxi, “eta gogoratzen dut Zaldibar eta Berriz ingurutik ere jende asko etortzen zela. Trena bete-beteta etortzen zen!”. Behin Arratera helduta, ondo pasatzea besterik ez zen geratzen.
“Orduan ez zegoen ez txosnarik ez ezer. Taberna bakarra zegoen, eta erroskilak-eta saltzen zituen postua”, oroitzen du Miren Iriondok. Koadrila eta familiarekin igotzen zen Arratera, “tio astoarekin joaten zen”, eta goizeko 10etako mezarekin hasten zen egitaraua. “Mezaren ostean bazkaldu egiten genuen”, eta sabela ondo bete ostean dantza egiteko ordua etortzen zen. Soinujoleak, trikitilariak, erromeria... jai-giro ederra sortzen zen Arrateko zelaian. “Korroak egiten ziren eta batetik bestera ibiltzen ginen, nahi genuen moduan, eta ilargia irtetzean amaitzen zen festa”. Iriondok dioenez, Kantabria jatetxe parean sortzen zen erromeria izaten zen azkena amaitzen. “Abadeak ez zuen onartzen, eta amaitu behar zela esaten zuenean, denak etxera”. Gerra ostean gauez irtetea debekatuta zegoela gogoratzen du, “etxera heltzeko ordua jartzen ziguten eta andrazkoak oso lotuta bizi ginen”.
“Aldaketa handia” somatzen du Iriondok lehen eta orain jaiak bizitzeko moduarekin. Prozesioan ere ikusi du aldaketa, “ez da lehengo moduan. Lehen Arrateko Amaren irudiak sarreratxo bat zeukan, punta batzuekin osatutako arkua, baina kendu egin zioten asko pisatzen zuelako”.
Belaunaldi berriak, pasio bera
Ziur pisu hori kentzea eskertzen duela Miren Gisasolak, Miren Iriondoren ilobak. Mezaren ostean, bere ahizpekin batera, Arrateko Amaren irudia prozesioan ateratzen du Gisasolak Arrate egunean. “Ohore handia da niretzat”. Amamak bezala, ilobak sentimendu handiz bizi ditu Arrateko Jaiak. “Kaletarrentzat ere egun polita izaten da, garrantzitsua, baina juergarako bizi dute batez ere. Guretzat Arrateko Ama urte osoko gauza da. Nahiz eta bezperan juerga egiteko ere aprobetxatu, 8an hor gaude goizean goizetik gozatzeko”.
Kofradiako kide, prozesioak esanahi garrantzitsua duela aitortzen du Gisasolak. “Arrateko Ama bizi dugu, bertan egon garelako beti”. Beraz, Arrateko Amaren irudia ahalik eta ederren erakusteko lanak aurretik hasten dituzte, eguna heltzen denerako prest lagatzeko. “Garbitu, txukun jarri eta jantzi egiten dugu”. Hainbat mantu ditu horretarako, “eta momentuan politena iruditzen zaiguna jartzen diogu”. Gainera, bitxikeria bat kontatu digu Gisasolak. “Arrateko Amaren bi irudi daude, bata elizan dagoena eta bestea prozesioan ateratzen duguna”.
Arrateko Jaiek udaren amaiera markatzen dute, oporretatik buelta, “eta Arratek duen xarmarekin giro polita sortzen da bertan”. Horregatik, ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen da Gisasola. “Bezperan trikipoteoa egiten dugu, herri-afaria, kontzertuetara joan eta ahal den ordura arte gaude bertan”. Atseden hartu eta indarra batu ostean, “Arrate eguneko 10ak aldean elizara joaten gara azken ordukoak prestatzera”. Meza eta prozesioaren ostean, libre. “Aurten, barixakua izanda, ikusiko dugu noiz arte luzatzen den eguna”, dio gogotsu Gisasolak.
Arrateko zelaiak ez du sekreturik Gisasolarentzat eta jaiek izan duten bilakaeraren lekuko izan da. “Lehen asto-karrerak egiten ziren bezperan, baina debekatu egin zituzten gero. Aitak parte hartzen zuen beste 6 edo 7ren aurka, eta 3 buelta ematen zituzten. Nagusitan parte hartuko nuela esaten nuen beti”. Asto gainean ez, baina gora eta behera ibiltzeko aukera izan du Arraten. “Gurasoek solte lagatzen gintuzten eta guk ahal bezain beste aprobetxatzen genuen, bai Arrate egunean, bai Kofradia egunean”.
Baserritarrentzat Kofradia egunak zentzu gehiago du Arrate egunak baino Gisasolaren berbetan. Arrate eguna pasata hurrengo domekan ospatzen da Kofradia eguna eta Gisasolaren familia hainbat koparekin jaitsi da baserrira egun horretan. “Gazta lehiaketa egiten da eta urtero lortu dugu sariren bat”. Honez gain, prozesioa, paella lehiaketa eta idi-probak ere egiten dira egun horretan.
“Lehen, Arrate eguna auzokoena zen gehiago, baina orain zabaldu egin da. Festa bizitzeko modua ere, lehen erromeria eta meza ziren protagonista, baina orain aldatu egin da”, Gisasolaren ustetan. Sasoian sasoikoa, lehen eta orain, Miren eta Mirenek, Iriondo eta Gisasolak, Arrateko Jaiez gozatzen jarraituko dute eta bertara hurbiltzen direnek ere gozatu dezatela espero dute. “Baina Arrate errespetatu dezatela, denona da-eta!”, eskatzen dute. “Herriko altxorra da Arrate”.