Arraten egingo da Ehun Mendietako Anaidiaren Eguna azaroaren 23an
Aurtengo Ehun Mendietako Anaidiaren Eguna Eibarren egingo da. Azaroaren 23an, goizeko 9:00etan emango zaio hasiera eguneko egitarauari, parte-hartzaileak Arraten elkartuz. Handik Kalamuara (770 m) joko dute eta, handik jaisterakoan, “anaia-arreba berriei” ongi etorria egingo diete ekitaldi xume batekin. 12:30ean, diplomak banatuko dituzte eta pintxo-potea egingo dute.
Aurten, Ehun Mendien Lehiaketa amaitu duten 109 mendizaleri omenaldia egingo zaie. Horien artean, Ehun Mendien Anaidian sartu izana egiaztatzen duen diploma jasoko duten 54 kide berrik (Ehun Mendien Lehiaketa lehenengo aldiz osatu dutenak), eta “ehundune” berriak osatu dituzten 55 pertsona gehiagok ere.
Tradizio handiko lehiaketa
Ehun Mendi Lehiaketa Euskal Mendizale Federazioan tradizio handiko ekimena da eta Euskal Herriko Gailurren Katalogoan sartutako ehun menditara igoera bana egitea datza. Hau da, katalogoko ehun mendi desberdinetara igoera bana, ehun igoera guztira.
Eibarko Klub Deportiboko 172 mendizalek osatzen dute anaidia. Aipatzekoa da Indalecio Ojanguren (kartelean eskuinean agertzen dena) eta Jose Martinez izan zirela, 1926. urtean, ehun igoerak osatu zituzten Deporreko lehen mendizaleak.
