Artearen sorleku eta gotorlekua
Zeramika Eskolako eta Dibujo Eskolako ikasleen lanak daude ikusgai egunotan Portaleako erakusketa aretoan. Ikasturtean zehar egindako lanaren fruituak dira, herrian sortzen den artearen erakusle txiki bezain aberatsa. Adin guztietako eibartarrek sortutako piezak eta koadroak ikusi ditzakegu bertan hilaren 18ra arte, 18:30etik 20:30era.
Natalie Garrido eta Maite Barrainkua dira Zeramika Eskolako irakasleak. Esther Galarzak urte askoren ondoren kargua laga eta Esther Astarloak lekukoa denbora batez eraman ondoren, ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen Natalie orain dela pare bat urte. “Txipa aldatzea zaila izan zen, baina esperimentua ondo atera dela uste dut eta egunetik egunera ikasten ari gara”, bere ustez.
Denbora horretan, ikasle kopurua hazi egin da eta beste irakasle baten laguntzaren beharra ikusi du aurten. Horrela, Maite sartu da eskolan. “Aldaketa urtea izan da. Inoiz ez da egon hainbeste ikasle eta hori kudeatzea demaseko erronka izan da. Dena dela, uste dut helburuak lortu ditugula eta, erakusketa ikusita, pozik egon gaitezke”, uste du Nataliek.
Zeramika modan dagoela aipatu dute irakasle biek eta arrazoi nagusienetako bat sare sozialetan aurkitu dute. “Instagram”, diosku argi eta garbi Nataliek. Zentzu horretan, zera dio Maitek: “Gazteak animatu diren neurrian, euren ezagunak ere animatzen joan dira. Lehen umeak eta helduak etortzen ziren batipat”.
Sare sozialen bitartez lortutako oihartzuna, ostera, bi ahoko arma da. Batetik, bai, disziplina honetara hurbiltzeko modua izan da; baina, bestetik, sare horietan igortzen den berehalakotasunaren premia ekartzen du pazientzia ezinbestekoa den arlo horretara. “Zeramika modan dago eta Instagramen sartzen zaren bakoitzean gauzak oso errazak direla ikusten duzu eta, beraz, denek egin nahi dute zeramika”, diosku Nataliek. “Behin hasita, eta gauzak berehala irteten ez direla ikusita, batzuk frustratu egiten dira eta ondo dago hori kudeatzen ikastea”, Maiteren ustez.
Etengabeko ikasketa
Adin guztietako 83 ikasle izan dituzte aurtengo ikasturtean. Batzuk hasiberriak dira eta beste batzuek urteak daramatzate. Bigarren hauek elkarren lagunak dira eta taldeak finkatuta dituzte. Hasiberriek, ostera, talde berriak osatu dituzte. “Oso giro atsegina sortzen da klaseetan”, diosku Maitek. “Hemen ez ditugu notak jartzen, beraz, ez dute inolako presiorik. Gustora egotera etortzen dira”, Natalieren berbetan.
Gauzak lantzeko orduan, irakasleak ikasleen arabera moldatzen dira. Hasieran oinarrizko teknikak erakustea ezinbestekoa den arren, zeramikaren mundua oso zabala denez, gauza ezberdin asko egiteko aukera izaten dute ikasleek. “Teknika ezberdinen artean bat aukeratu eta horren inguruan euren proiektua garatzen dute”, azaldu digu Maitek. “Denboran jarraitzen dutenek hobetu egin nahi dute, batzuei eskultura gustatzen zaie, beste batzuei tornua… Zeramikaren munduan eurentzat teknika aproposena edo gehien gustatzen zaiena zein den deskubritzen dute, eta guk bide horretan laguntzen diegu”, azaldu digu Nataliek. Beraz, ikasleek askatasunez egiten dute bidea eta irakasleek klaseak pixka bat pertsonalizatzen dituzte.
Berezitasun bezala, eta zeramikaren mundua zabala dela erakutsiz, aurten ‘raku’ izeneko teknika ezagutzeko aukera izan dute Jesus Belaustegiren eskutik. “Topalekun ‘raku’ erakusketa jarri zuen eta, irteera kulturalak egiten ditugunez, bertara joan ginen. Interesatu zitzaigunez, hainbat egunetan ikasleekin egon zen ‘raku’ egiteko prozesua azaltzen eta klasean piezak landu genituen, gero Jesusen baserriko labean egosteko. Ikasleek flipatu egin zuten. Antzinako teknika da, demaseko efektuak sortzen dituena eta eskola honetan oso gutxitan eskaintzen dena”, azaldu digu Nataliek.
Historia luzeko eskola
Ez da ‘raku’ teknika bezain antzinakoa, baina Eibarko Dibujo Eskolak oso ibilbide luzea egin du. “XVIII. mendean, Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek sustatuta, Dibujo Eskola sortu zuten Eibarren”, kontatu digu Leire Kareaga irakasleak. “Armagintza industriari lotuta zegoen. Gizonezkoak grabatugintzan eta damaskinatuan hezitzen zituzten, baina XIX. mende amaieraren inguruan emakumezkoak ere klaseak jasotzen hasi ziren".
XX. mendean margolaritza lantzen hasi ziren eta eskolaren helburuak aldatzen joan ziren. “Armagintzarekiko lotura ez zen hain nabaria eta arte ederretako munduarekin lotzen joan zen”, irakaslearen berbetan, gaur egungora gerturatuz.
Irakasle ospetsuak pasa dira eskolatik, Lucas Alberdi, Jazinto Olabe eta Marina Barrena kasu, eta gaur egun Leire bera eta Iratxe Unanue dabiltza lan horretan.
Ikasketa dinamikoa
Marrazkigintza eta margolaritza lantzen diren eskola izanik, irakasleek bi helburu dituzte: “Batetik, arte ikasketetan murgiltzea nahi duten gazteei oinarrizko heziketa eskaintzea; eta bestetik, artearekiko zaletasuna dutenei ateak zabaltzea, gure eskutik eramatea eta zaletasun hori handitzea”, Leireren berbetan.
Hori kontuan hartuta, “gure ikasleen profila oso heterogeneoa da, bai adinarengatik bai helburuengatik”, irakasleak dioenez. 120 lagun inguru izan dituzte aurtengo ikasturtean eta ezinbestekoa da programazioa zehaztea. “Gainera, normalean ikasleak hainbat urtetan egoten direnez, eurentzat erakargarriak diren gauzak eskaini behar izaten ditugu, aldaketak eta berritasunak sartuz”, kontatu digu Iratxek. Gainera, irteerak egiten dituzte, aire libreko lehiaketetan trebatzen dira eta San Juan jaietako danborradako karrozako piezak egiten parte hartzen dute.
Eskola heterogeneoa
Ikasturte bakoitzean gai bat aukeratzen dute (paisaia, bodegoia, gorputza…) eta horren inguruan lanketak egiten dituzte. Horrela, aurten giza gorputza izan da landu duten gaia. Hasieran, ikasleak marrazten hasten dira, oinarrizko ariketak egiten. “Gero, urte asko daramatzatenek edo gaitasun handiak dituztenek beste lanketa batzuk egiten dituzte (kolorea sartzen, perspektiba lantzen, teknika ezberdinak…)”, diosku Iratxek.
Lan indibidualak egiteaz gain, lan amankomunak ere egiten dituzte, eta horren erakusle da egunotan Portaleako erakusketa aretoan ikusi daitekeen mural handi bat. Bertan erretratista famatuen autoerretratuak ikusi daitezke, eta koadro hori Dibujo Eskolako hainbat ikasleren artean eginda dago. “12 eta 93 urte arteko ikasleek hartu dute parte sorkuntzan”, aipatu digu Iratxek. “Talde ariketa hauek aberasgarria izaten dira, gazteria asko motibatzen delako eta esperientzia dutenengandik ikasi egiten dutelako”, Leireren ustez. Zentzu horretan, belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana oso aberasgarria dela diote, bertan bizi den giro heterogeneoaren erakusgarri.
Matrikulazioa zabalik
Eskola bietan jende askok parte hartzen duen arren, datorren ikasturterako matrikulazioa zabalik dago hilaren 20ra arte. Bi kasuetan matrikulazioa Pegoran egingo da, eta Udalaren webgunean aurkituko duzue informazio gehiago (hemen eta hemen).