Asier Muniategi (Euskadiko Liburu Ganbara): “Jendearen arreta piztu nahi dugu, liburu eta diska azokaren bitartez”

Asier Muniategi (Euskadiko Liburu Ganbara): “Jendearen arreta piztu nahi dugu, liburu eta diska azokaren bitartez”
2018/10/11 10:19
eta kitto!
Gaur zabaldu ditu ateak Eibarko Liburu eta Disko Azokak. Urriaren 21era arte martxan izango den azoka Udalak eta Euskadiko Liburu Ganbarak antolatu dute, elkarlanean. Urtero bezala, aurten ere literatura eta musika arloan kaleratu diren lanik berrienak erosteko aukera ederra eskainiko dute, %10eko deskontuarekin gainera. Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:30era zabalduko dute eta Untzagako harmailen ondoan egongo dira. Antolaketaz eta koordinazioaz arduratzen den Asier Muniategirekin hitz egiteko aukera izan dugu.

- Zer ekarriko digu aurtengo azokak?
Azken nobedadeak ekarriko ditugu eta baita aukerako liburuak eta euskal diskoak ere, dena  %10eko deskontuarekin. Urtero egiten dugun moduan, bigarren asteburuan idazleen firma edo sinadura batzuk izango dira. Javier Sagastiberri, Jose Javier Abasolo, Miren Palacios… Aurten “100 urte euskara zaintzen” erakusketa izango dugu Untzagan, urte guzti hauetan Euskaltzaindiak egindako lanari egokituta.

- Urte mordoa eman dituzu Euskal Herri osoan liburu eta disko azokak antolatzen. Zein izaten da helburua?
Asmoa beti izaten da liburua jendearengana hurbiltzea, irakurzaletasuna bultzatzeko. Egun batzuetan behintzat, herri txiki eta handietan, liburua protagonista bihurtu eta jendearen arreta piztu nahi izaten dugu. Euskal Herrian zein estatu mailan produkzio aldetik osasuntsu gaude eta publikoak ere erantzun egin behar dio sormen guzti horri. Irakurle berriak erakartzen saiatu behar gara, liburua kalera ateraz edo liburutegiek egiten duten prestamoen bitartez. Kontua da irakurzaletasuna bultzatzea. 30 urte daramatzat lan honetan eta horrek esan nahi du jendeak erantzun egiten duela eta bide honetatik jarraitu behar dugula.

- Eibarko publikoak badauka berezitasunik?
Orokorrean leku guztietan berdintsua izaten da. Beharbada, askotan sasoiari erantzuten zaio eta, esate baterako, orain perretxikoen liburuak ondo saltzen dira. Edo itsasertzeko herrietako azoketan ohikoa da itsasoari lotutako liburu gehiago saltzea. Baina idazleari dagokionean, antzerako aukeraketa egiten da: publizitatearen eraginez, entzunenak diren liburuak aukeratzen dira, eta gero euskal idazleen arteanizen batzuen bueltan ibiltzen gara beti. Euskal idazleekiko lehialtasuna dagoela argi dago.

- Liburu digitalarekin nola ikusten duzu paperezko liburuaren egoera eta etorkizuna?
Soporte bat edo bestea aukeratu arren, gauza guztien gainetik, legearen barruan egon behar dira. Egilearen eta argitaletxeen eskubideak hor daude, eta liburu eletronikoekin arazo handi bat dago. Agian irakurriko dira, baina salmentak oso urriak dira. Heziketa kontua da. Beste herrialde batzuetan zigor handiak jartzen dira eta agian hemen ere horrelako zerbait egin beharko litzateke, batez ere egilearen eskubideak errespetatzeko.

liburu-azoka2