Asier Serrano: “Bere momentuan, liburua sortzea zen garrantzitsua niretzat, horrek asetu ninduen”
Asier Serranok ‘Euri gorriaren azpian’ eleberria argitaratu du. Boterearen inguruan hausnartzen du idazle eibartarrak eta, horretarako, 25 urte ondoren bere jaioterrira itzultzen den emakume baten bidaia jasotzen du. Liburuak izan duen bidaia ere ez da nolanahikoa izan, norberarentzat idatzitakoak argia ikusi baitu zenbait arrazoiren ondorioz.
Bere literatura ‘Euri gorriaren azpian’ liburuan biltzen dela dio Serranok eta lan horrekin bere literaturarekin zituen zor guztiak kitatu dituela. Gainera, irakurleak paper aktiboa du, idazleak jolas bat proposatzen diolako.
Liburuarekin irakurleari jolas bat proposatzen diozu, baina nola?
Liburuaren hasieran jolas hau proposatzen zaio irakurleari: paperezko zerura begiratzea eta identifikatzea laino baten irudia zein izan daitekeen. Liburu guztiek nolabaiteko lokarri bat eduki behar izaten dute, hau da, nolabaiteko misterioa edo iruditeria. Sormenaren inguruan idatzitako liburua da. Jolasari dagokionez, irakurleari pistak ematen dizkiot narratzaile orojakilea zein den asmatzeko, eta hori da liburuaren gakoa. Beste liburu batzuetan hiltzailea aurkitu behar da, adibidez. Bestetik, liburuan boterearen inguruan, eta botereak sortzen dituen komunikazio arazoez egiten dut berba. Hau da, zapaltzailea zein den, zapaldua nor den, eta nola zapalduak zapaltzaileari aurre egin ahal dion sormena erabiliz, literatura erabiliz.
Horretarako fikziozko istorio bat kontatzen duzu. Nolako istorioa da?
Istorio distopikoa da. XX. mendean, munduko edozein herrialdetan kokatu daiteke, ez dudalako ezagutzen diktadurarik gabeko herrialderik. Beraz, istorio unibertsal bat kontatzen da. Diktadore batek estatu kolpea ematen du eta, 25 urte eta gero, bi protagonista nagusiak elkartu egiten dira. Diktadurak zazpi urte iraun ditu, beste 18 urte pasa ditu fikziozko herrialde horrek nolabaiteko demokrazian, eta emakume bat estatu kolpea eman zen hirira itzultzen da beste pertsonaia nagusiari egindako promesa betetzera.
Urteak pasa dira istorio hau idazteko ideia sortu zenetik eta kajoitik argitara irten da. Nolako bidea egin du gaur egunera arte?
Liburu hau orain dela bost urte hasi eta amaitu nuen. Gero, batzuentzat pandemia sasoia sormenerako bidea izan zen, baina niri kontrakoa gertatu zitzaidan. Gainera, ez nion zentzu askorik aurkitzen liburu hau publikatzeari. Bere momentuan, liburua sortzea zen garrantzitsua niretzat. Hau da, idazte lan hori egitea. Horrek asetu ninduen eta ez nuen inolako asmorik publikatzeko. Ostera, pandemia sasoiaren ondoren konturatu naiz gizarteak ez duela aurrerapausorik egin. Lezio gutxi ikasi ditugu eta, nahiz eta lezio horiek agerian egon, uste dut gizarteak ez dituela aprobetxatu. Beraz, iruditzen zitzaidan liburu honek gaurkotasuna duela, inoiz baino gehiago, batez ere bazterreko pertsonaiak agertzen direlako. Liburuak artaldearen eta sumisioaren inguruan hitz egiten du, eta bazterreko pertsonaia horiek zein toki betetzen duten aukeratu ez duten gizarte batean. Hori da interesatzen zaidana eta horregatik argitaratu dut. Bestalde, azken urteotan argitaletxeetan editore aldaketak egon dira, hoberako pentsatzen dut. Belaunaldi berriak sartu dira, begirada berriak. Eskaintza bat jaso nuen eta, zalantzekin, baina pentsatu nuen liburua kajoitik atera behar nuela, bazuelako bere funtzioa gaur egun. Orain, liburua publikatuta ikusita, harrotasun puntu bat sentitzen dut.
Zure literaturari ezer zor ez diozula aipatu izan duzu. Zergatik?
Literatura sistemak behar dituen pauso guztiak bete izan ditudala uste dut. Belaunaldi berriak etorri dira, zoragarria iruditzen zait gaur egungo literatura eskaintza, eta lan honetan errepikatu egiten naizela uste dut. Hau da, uste dut liburu honetan orain arte idatzitako estilo, argumentazio, pertsonaia eta espazio guztiak biltzen direla. Nik ez dakit beste modu batera idazten, ez dakit dokumentaziotik idazten. Bizi dudanetik idatzi izan dut beti. Zentzu horretan asetuta nago. Noizbehinka apunteak hartzen jarraitzen dut, baina beharrezkoa den disziplina hori beste gauza bati zor diot gaur egun. Ez da ideia edo gogo falta, baina uste dut lekukoa pasatu behar dela. Agian etorkizunean berriz piztuko zait zerbait, baina ez dut aurkitzen nire estiloan idazten jarraitzeko asmorik.
Zorrak kitatu ondoren, idazteko orduan beste bide batzuk hartzeko aukerak sortu ditzakezu agian?
Gaur egun nire lana irakurtzea da, hori da nire ogibidea. Irakasleei literatura irakasten diet eta nire begirada aldatu egin da. Gaur egun literaturan dagoen maila ikusgarria dela iruditzen zait eta nire estiloa, zaharkitua baino, betegarri xamar gelditu dela uste dut. Akaso, laster 50 urte bete behar ditut eta agian beste fase bat piztuko zait, baina gaur egun ez dut nire literatura berritzeko beharrik. Orain gehiago asetzen nau irakurtzeak idazteak baino.
Goizean aurkeztu dugu Asier Serranoren «Euri gorriaren azpian» nobela. Istorio bortitza, lohitsua, baina dena ederretik duena ✨
— Erein argitaletxea (@ereinargi) October 8, 2024
Amaieran hauxe kontatu digu egileak laburrean👇👇 pic.twitter.com/hjYyVjmwvo