Asier Serrano (idazle eta musikaria): "Iradokitzailea da 'Abisalia', botereari buruz nire obsesioek hartu duten bidea"
- Zein helbururekin kaleratu duzu liburu berri hau? Ipuin liburu poetikotzat definitu dezakegu?
Orain dela bost urte kaleratutako Erlojugilea eleberriarekin halako promesa bat egin nuen trilogia osatuko nuela esanez, hor sortutako mundu literarioak jarraipena izan zezan. Etika, boterea eta gerra izango ziren horko ardatz. Eleberrietako lana astunagoa da eta, tartean, arnas laburragoko Hiri gorritik eta Desterratuen piztiarioa egin ditut. Abisalian egitura berezi baten bila jardun dut, orri bakoitzak antzerako istorioak dakar, lip-dub nobela baten bidetik. Lehen hasi nuen bilaketa horretan jarraitzeko, entrenamendu moduan ipuin laburragoak erabili ditut, Erlojugilean aurkezten nuena osatzen joan direnak. Bigarren zati honetan boterea da ardatza eta bai poemak eta baita ipuinak ere, azken hauek txikiak zein handiagoak izan, hari bati jarraitzen diote.
- Liburua ordenean eta jarraian irakurtzea komeni dela diozu?
Liburua irakurtzeko, 12 kapituluak batera bisitatu beharrekoak direlakoan nago, ipuinak solteak izan arren. Hori proposatzen dut literaturan orkestra zuzentzailearena egitea gustoko ez badut ere. Liburua, batez ere, iradokitzailea da. Norberaren barrenetan sartzeko gonbidapena egiten dut, nire unibertso literarioan betidanik jarraitu dudan bidetik.
- Zure liburuak jarraitzen dituztenek izango dute ezustekorik Abisalian?
Betiko pertsonaia marginalak eta bizarroak egin ditut protagonista: Lorelei bera, erlojugilea... hor daude. Obsesioekin jokatzen dut, batez ere, eta hor, norberaren etxean begiratzeaz gain, mundu horretako ahuleziak ikusarazten ahalegindu naiz. Abisalian iraganera jotzen dut gehienbat, boterearen obsesioak hara eramanda: XX. mendera egiten dut jauzia, gobernu mota ezberdinei errepaso eginez. Estetika postkomunistak tokia du hor, baita diktadurak, eta asanbleak... gaur egungora heldu arte. Gai guztiak tratatzerakoan, jakina, prosa poetikoa erabili dut gehienbat.
- Badago antzekotasunik Eibar eta Abisaliaren artean?
Abisaliako hiriburua Hiri gorria da. Ez da kontu estetikoa bakarrik. Izen horien atzean gure egunerokoan bizi duguna dago eta baita ahalegina gutako edozeinen errealitatera gerturatzekoa. Batzuetan Hiri gorria bada Eibar, baina irakurleak bere hiria aukeratu behar du: 5-10 minutuko ipuinetan bakoitzak bere burua aurkitu behar du. Estetikoki ere, Eibarren zulo baten barruan bizi gara eta, puntu abisal batetik abiatuz, amildegitik ateratzeko gonbitea ere badago liburuan. Zuloaren zulotik ispilu efektuarekin ere jokatu dezakegu, aukera hori eskaintzen digulako.
- Orain ere irakurleari eskaini dizkiozu pista eta joko batzuk, ezta?
Liburuak egituran badu jarraipen bat, jakina. Ez dakit gero horrela den, baina idazleok amesten dugu irakurleak behin baino gehiagotan irakurriko duela gure liburua. Eta, pistak eskaintzeaz gain, joko batzuk ere proposatu ditut oraingoan. Horrela, lehenengo ipuina azkena izan daiteke, eta azkena lehenengoa. Horrek aldaketa dakar. Musikalitatea ere presente dago hor: gordina dena edertasunez janzteko, edo alderantziz, kasuaren kasuko.
- Musika aipatzen duzula... azken aldian baztertuta izan duzu?
Bai, nahiko; hala ere, beti jarraitu izan dut konposatzen, diskogintzaren negar kulturalen esparru horretan. Antxon Sarasua zarauztarra lagun dudala egin ditut gauza batzuk eta, bueltatzeko asmoa badut ere, beste modu batera izango da. Beldur gehiago ere baditut sasoi batean baino! Ni gehiago naiz sortzaile, artista baino. Orain, esaterako, Abisaliako soinuak sortzen gabiltza, paperetik edan eta literatura egiteko. Proiekzio horretan Abisalia beste formatu batean ikustea nahi dugu. Mikel Urionaguena errealizadorearekin ere kortoa egin nuen, gero ausartu ez arren kalera ateratzera. Horregatik sartu dut gidoia liburuan, aukera berriak eskaini dizkidalakoan: formulak asmatu behar gero. Gustatuko litzaidake bakarkako lagunekin konpartitzeko aukera izatea halakoekin.