Aste Santuan, naturan eta historian barrena
Askok gaur bertan hasiko dituzte Aste Santuko oporrak, beste batzuek egun batzuk itxaron beharko dituzte; baina, eguraldiaren iragarpenak asko laguntzen ez duen arren, aisialdirako egunak datoz gehienentzat. Momentu zoragarria izan daiteke inguruan ditugun txokoak ezagutzeko, orain arte oharkabean pasa zaizkigun tokiak batez ere. Hona hemen hainbat proposamen.
Eibarko mugetatik kanpo, baina hemendik oso kilometro gutxira, Debabarreneko toki esanguratsu bat aurkitzen dugu: Karakate eta Irukurutzeta arteko natura eta historia-intereseko gunea. Paisaia ikusgarriz inguratuta, hainbat bide daude Karakate, Kortazar, Irukurutzeta eta Agarreburu inguruan, “baina horietako asko jendearen % 90arentzat ezezagunak dira”, Martin Ezenarro Irukurutzeta Fundazioko sortzailearen ustez, “ohituragatik edo beste bide batzuk hartzeko beldurragatik, normalean jendea toki beretara joan ohi delako”.
Julian anaiarekin batera Irukurutzeta Fundazioa eratu zuten, txikitako ametsa betez. “Umetatik mendian ibili izan gara. Sasoi horretan ez zegoen beste ezer egiterik eta lagunekin ibaira, mendira edo baserrietara joaten ginen. Barruraino sartu zitzaigun mendizaletasuna”, azaldu digu Julianek. “Gero, Pirinioetara joan ginen hainbat urtetan, baita Dolomitetara eta Alpeetara ere, baina gure ametsa gure lurrak edukitzea zen”, eta 2021ean bete zuten ametsa. “Pinuak zituzten baserritar askok lurrak kendu nahi zituzten eta, guk erosteko interesa genuenez, eskaini egin zizkiguten”, kontatu digute.
Osintxu inguruan hektarea pare bat erosi zituzten eta, harrezkero, lursail gehiago erosten joan dira, gaur egun 53 hektarea kudeatu arte. “Demaseko lana da”, Julianen berbetan, baina maitasun handiz egiten dute eta atseginez pasatzen dituzte egunak mendian sartuta.
Maitasunaz gain, ostera, dirua ere behar da lursail horiek eskuratzeko eta, zentzu horretan, hainbat enpresaren laguntza jaso dute. Hala nola, Soraluze Kooperatiba, Orona, Erreka, Fagor Arrasate, Dikar eta Elay. Bestela ere, norbanakoek laguntzeko aukera dute Bizum bitatez (GKE-en artean ‘Irukurutzeta Fundazioa’ bilatu “irukur” idatzi edo, bestela, 08945 kodea idatzi).
Natura eta historia-intereseko gunea
Fundazioaren helburu nagusia Karakateko, Kortazarreko, Irukurutzetako eta Agarreburuko natura eta historia-intereseko gunea berreskuratzea, mantentzea eta gizarteratzea da. Eta helburu nagusi hori betetzeko, lau jarduera zehatz egingo dituzte:
Batetik, naturgunean dagoen mendia eskuratzea, berreskuratzea eta mantentzea, zuhaitzak dituen larre bihurtuz. “Fundazioak egiten duen lanari esker, mendia garbi dago”, diosku Martinek. Bigarrenik, bertako zuhaitzak berreskuratzea eta mantentzea (pagoa, haritza, lizarra, artea…). “Ez dugu baso itsua izatea nahi, abereak ibiltzeko basoa baizik. Gainera, eukaliptoaren landaketei aurre egin nahi diegu”, gehitzen du. Hirugarrenik, bertako fauna (Pottoka eta Euskal Herriko mendiko zaldia) eskuratu, berreskuratu eta mantentzea, abeltzaintza estentsiborako berreskuratutako naturgunea aprobetxatuz. “Badakigu batzuk izutu egiten direla abereekin, baina abereak euren habitat naturalean daude eta animaliak ditugunontzat aukera hori edukitzea zoragarria da”. Eta laugarrenik, naturguneko flora, fauna eta interes historikoa gizarteratzea eta sustatzea.
Izan ere, naturgunea izateaz gain, iraganera garamatzaten bideak aurki ditzakegu bertan. “Mendi hau sumendia da, eta mendiaren alde batean eta bestean baso ezberdinak aurkitu daitezke, baita haitzuloak eta elur-zuloak ere. Gainera, 1936ko Gerrako lubakiak, erromatar kanpaleku baten aztarnak, hogei bat trikuharri (gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak) eta bertaratzen den edonor txunditzen duen Arribiribiletako zutarria (menhir) daude”, kontatu digutenez. Irukurutzeta Fundazioaren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, irukurutzetafundazioa.eus webgunean aurkitu daiteke informazio gehiago.
Eibarko flyscha
Azken urteotan ezagutu dugun izena da flyscha, begien parean beti izan dugun arren. Ziurrenik Iberiar penintsulako eta nazioarteko flyschik ezagunena Euskal Kostaldeko Geoparkekoa da, Deba eta Zumaia artekoa, baina Eibarren ere badugu flyscha, saihesbidea egiteko obrek azaleratu zutena.
Morkaiko Leizarpe Espeleologia taldeko Angel Maria Tobajasek ‘Paisajes y parajes singulares del Bajo Deba’ argitaratu du eta bertan jasotakoak kontatu dizkio Elgoibarko Barren aldizkariari. Bertan azaltzen duenez, Eibarko flyscheko harkaitz-geruzetan historia geologikoaren milioika urte irakur daitezke. Itsas azpian poliki-poliki metatzen joan ziren sedimentuek osatu zituzten konposizio ezberdineko geruza horiek eta, beraz, ez da harritzekoa Eibarko flyschean ere itsas fosil ugari topatu izana. Ugarienak inoceramusen fosilak dira. Bi kuskuko maskorra zuten moluskuak ziren inoceramusak eta Goi Kretazeoan galdu ziren. Hala ere, ugariagoak dira geruza horietan garai hartan itsas hondoan bizi izan ziren organismoen presentzia adierazten duten aztarnak, narrasti-pistak-eta. Topatu dituzte, era berean, itsas hondoan bizi ziren zizareek zulatutako tunel-sareak ere.
Kostaldeko flyscharekin alderatuz gero (Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko muga eta Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa argi ikus daitezke bertan), ezberdintasun nabarmen bat azpimarratzen du Tobajasek: "Kostaldekoa etengabe garbitzen da olatuekin, baina Eibarkoa lausotzen ari da landaredia hazten ari delako. Beraz, iraungitze-data duen flyscha da Eibarko hori".
Paisaia bolkanikoa Maltzagan
Eibar eta Elgoibar artean paisaia bolkanikoa nabarmentzen da, batez ere Maltzagatik Elgoibarko hilerri pareraino doan ibaiaren zatian. "Ibilbide horretan topa ditzakegun haitz bolkanikoei basalto esaten zaie generikoan; baina, haien itxurari erreparatuz gero, askotarikoak daude: arroka igneoak edo magmatikoak, plutonikoak, piroklastikoak, basikoak, filoniarrak...", Tobajasen berbetan. Hain zuzen ere, basaltoa da Deba ibaian, kilometro barruan, hiru zentral hidroelektriko egotearen arrazoia: ibaiak perfil malkartsua du basaltoa higatzea askoz zailagoa delako inguruko harri sedimentarioak baino; ondorioz, ibaian ur-azkarrak eta saltoak sortzen dira, argindarra sortzeko erabili direnak.
Tobajasen ustez, inguru honetan gaia ikertzeko zentro bat sortzeak mereziko luke. Izan ere, Debabarreneko bolkanismoak dozenaka milioi urteko aldia hartzen du bere baitan, duela 100 eta 80 milioi urte bitartekoa.
Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa
Naturaz inguratuta, baina gertuko historiari lotuta, Udalak Arraten dagoen Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa zabaldu du hilaren lehen asteburutik aurrera. Horrela, domekero zabalduko dute, 11:30etik 13:30era (Aste Santuko jai-egunetan ere bai, baina abuztuko hiru asteburutan (10ean, 17an eta 24an) itxita egongo da.
Jose Luis Valenciagak lagunduta, 1936. eta 1937. urteetan Arraten izan ziren guden azalpenak jaso zituzten aurreko asteburuan gurean egon ziren bisitariek. Gainera, Gerran erabilitako uniformeak, armak eta bestelakoak ere daude ikusgai. Eta, horrez gain, Gerra bizi izan zutenen testigantzak jasotzen dira ikus-entzunezko baten bitartez.
Interpretazio Zentroaren irekiera osatzeko, Akondia, Garagoitxi eta Kalamua eremuan irauten duten aztarna ezberdinak ikusteko bisita gidatuak antolatuko dira.