Asteburuan egingo den Uni Encounter teknologia berriei buruzko topaketa aurkeztu dute

Asteburuan egingo den Uni Encounter teknologia berriei buruzko topaketa aurkeztu dute
2024/02/07 23:05
eta kitto!
Barixakuan hasiko den Uni Encounter ekimena aurkeztu dute gaur goizean, udaletxean. Uni Eibar-Ermua ikastetxeak antolatzen du informatika eta teknologia berrien inguruko topaketa, eta horri buruzko azalpenak emateko, bertan egon dira Alesander Robleño, Oskar Gisasola eta Gorka Guenaga, Jon Iraola alkatearekin eta Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziarekin batera. Esandakoari jarraituta, bi egunetan (barixakuan eta zapatuan), hitzaldi eta dibulgazio-jarduerez gain, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta txapelketak egingo dira Uni Eibar-Ermua ikastetxean. Antolatzaileen berbetan, “orain dela 20 urte hasi ginen Uni Encounter antolatzen, eta urte hauetan gaitegia erabat aldatu bada ere, asmoa berbera da: teknologia berriak herritarrei gerturatzea”.

Asmo horrekin, era guztietako jarduerak biltzen dituen egitaraua osatu dute. Uni Encounterra barixakuan inauguratuko dute, 18:00etan, eta jarraian Eleskyren kontzertua hasiko da; 20:00etan, “Astronomiarako sarrera: Software, Teknologiak eta beste batzuk” hitzaldia emango du Gorka Buruagak; 21:00etan, gaueko jarduerak (mahai-jokoak, minijolasen lehiaketak...) hasiko dira; eta, 22:00etatik aurrera, “Astronomia praktikan” ( 2. Atala) eskainiko du Gorka Buruagak.

Hitzaldi teknikoenak zapatuan, hilaren 10ean izango dira, 11:00etan hasita, Kevin Fernandezen “Google Cloud-ekin lanean” izeneko solasaldiarekin. Ondoren, “Analisi forentse informatikoaren tailerra” egingo da, Ainhize Arrese eta Alex del Caborekin. Nicolas Vicuñak BitCoin-ei buruz hitz egingo du; Tximelet bots-ekoek BattleBots-ei buruz hitz egingo dute, edo zibersegurtasunari buruz, Alex Robleñok zuzenean erakutsiko baitu nola hackeatu gelako iPhone guztiak. Amaitzeko, Lukas Arana Software Libre Taldekoak hitzaldi bat emango du Adimen artifizialari buruz.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengo berritasun nagusia Flybble-ko kideen eskutik ailegatuko da, Drone Soccer edo Battle Bots bezalakoekin: “Ekitaldiak hitzaldien bloke oso interesgarri bat izango du, erabiltzaile teknikoagoentzat, eta, aldi berean, jarduera irekiak eta publiko guztientzako egokiak, bai entretenimenduaren esparruan, bai aktibitate didaktikoetan; jarduera horiek balio dezakete teknologia desberdin bezain interesgarrietan (adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta borroka-robotak) interesa duten guztientzat lehen kontaktua izateko. Hitzaldi hauek topagune bat eskaintzen dute esperientziak partekatzeko eta esparru teknologikoari, jolasaren eta entretenimenduaren arloari eta negozio digitalei buruz ikasteko. Aurten Encounterrak nazioarteko izaera izango du, Holandako sei ikasle eta Danimarkako bi etorri direlako parte hartzera, eta ekimena nola antolatzen den ikustera, gero beren herrietan antzekoak egin ahal izateko”.

Ekimenaren alderdi ludikoan, ordenagailurako, bideo-kontsolarako eta mugikorretarako jokoak izango dira protagonista zapatuan, eta askotariko lehiaketak antolatuko dira: Counter Strike, League of Legends, Valorant, Clash Royale... jokoak, FIFA 23ko kontsola-lehiaketak, mahai-jokoen partidak, eta e-sport jolasak. Gainera, iazko arrakasta ikusita, KPOP coover lehiaketa egingo da aurten ere.

Bestalde, ekimenaren une garrantzitsuenak zuzenean emango dira, Twitch bidez (twitch.tv/uniencounter). Eta jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, online, “izan ere, lehiaketa horietako batzuetan, azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo dira”. Topaketari buruzko informazio guztia https://uniencounter.uni.eus webgunean aurkituko duzue.