Astelena frontoia pertsona nagusien topaleku
Astelena frontoiak Pertsona Nagusien II. Topaketa jaso zuen martitzen goizean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat tokitatik etorritako mila lagun inguru elkartu ziren bertan eta euren kezka nagusiak entzuteko aukera izan genuen. Gainera, erakunde ezberdinetako agintariak etorri ziren, Imanol Pradales lehendakariak azken unean huts egin zuen arren.
Durangon lehen edizioa egin ondoren, Eibarko Astelena frontoiak hartu zuen martitzenean, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, Pertsona Nagusien Topaketa hartzeko ardura. Felix Elkoroiribe eibartarra presidente den Euskofederpenek (Euskadiko Pertsona Nagusien Federazioa) antolatzen duen ekintza da eta, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako ordezkariez eta Eibarko Udaleko agintariez gain, Euskadiko 230 gizarte-egoitza ordezkatzen dituzten hiru elkarte nagusietako (Bizkaiko Nagusiak, Gipuzkoako Agijupens eta Arabako Las Cuatro Torres) kideak batu zituen.
Aldarrikapenerako eguna izan zen Astelena frontoian bildu zirenentzat, baina hitzaldietatik haratago hainbat ekintza egin ziren. Hala nola, euskal dantzarekin eman zioten hasiera ekitaldiari, txistulariak egon ziren, batukada eta txalaparta doinuak entzun genituen, eta Amets Bete antzerki taldeko kideek zenbait sketch eskaini zituzten pertsona nagusien egunerokoan gertatzen diren kontuak umorearekin landuz. Gainera, topaketari amaiera emateko Untzagako Jubilatu Etxeko Koroak hiru abesti kantatu zituen.
Urriaren 1eko manifestua
Euskofederpenek eta pertsona nagusien mugimenduan dagoen asoziazionismoa nabarmendu zuten agintariek, eta hain zuzen ere hori izan zen martitzenean agerian geratu zena. Izan ere, hiru probintzietako elkarteek euren indarra erakutsi zuten Astelena ia betez.
Elkoroiribek ordezkatu zituen oholtza gainean eta, umorez hainbat kontu botatzeaz gain, elkarteen aldarrikapenak agerian laga zituen. Euskofederpenek manifestua igorri zuen urriaren 1eko ekintzaren harira eta eibartarrak horietako batzuk aipatu zituen Astelenan.
Euskofederpenek bi modutan ospatu nahi zuen urriaren 1a: “Gizarteari egiten diogun ekarpenari balioa emanez eta guztion artean zaintza komunitate bat eraikitzeko lan eginez”.
Horrela jarraitzen du manifestuak: “Dakizuenez, gaurko gizartea gure ahaleginaren emaitza da. Eta ahalegin hori gutako askok praktikatzen dugu boluntariotzan. Jarduera hori ez da lan-merkatuan islatzen, eta bereziki garrantzitsua da adinekoek adinekoak zaintzeari dagokionez, bereziki emakumeek eta askotan Erkidegotik kanpoko emakumeek zaintzeari dagokionez. Ahalegin hori gehiago aitortu eta partekatu behar da”.
Pertsona nagusiei eragiten dieten politiken plangintzan, prestaketan eta erabakietan modu aktiboan parte-hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen dute. Horrez gain, honako eskubideak ere aldarrikatzen dituzte: pentsio duinak jasotzea, belaunaldien arteko trukerako aukerak sortzea eta IKTetarako sarbidea erraztea.
Adinekoen beharretara egokitutako etxebizitzen beharra aldarrikatzen dute, “gehienek etxean zahartu nahi dutelako”, diotenez. Hori posible ez balitz, egoitza publiko gehiago egotea eskatzen dute, “sektore hori pribatizatzeko joera geldiarazteko, eta baita zaintzaileak profesionalizatzea ere”.
Eusko Jaurlaritzako gobernu-talde berriari, bestalde, eskaera berezia egiten diote: “Hiru lurraldeetako zaintzak modu positiboan bateratzea eta migrazio soziosanitarioaz hitz egiten entzun behar ez izatea. Eta, hauteskunde-programetan ez zegoenez, joan gaitezen sektore publiko baterantz, gizarte-zerbitzuen arteko koordinazio hobea, lehen mailako arreta indartua eta zaintza espezializatu egokiak eskainiko dituena”.
Asoziazionismoa eta boluntariotza ardatz, Euskofederpenek zera aldarrikatzen du: “Kontua da komunitateak bere kideak zaintzea, demokraziaren beraren oinarrian dagoen zerbait, indibidualismoaren eta merkatua pertsonen gainetik egotearen alde egiten dutenen aurka”.