Udaltzainek bizia salbatu diote gizon bati Urki auzoan

Gizonak bihotz-biriketako gelditzea izan zuen, eta desfibriladore erdiautomatiko bat (DESA) jarri eta bihotz-arnasetako bizkortzea (RCP) egin zioten
Udaltzainek bizia salbatu diote gizon bati Urki auzoan
2025/10/16 10:08
eta kitto!

Atzo, urriak 15, 22:44ean, Eibarko larrialdi-zerbitzuek dei bat jaso zuten herriko bizilagun batek izandako bihotz-biriketako geldialdi baten berri emateko. “Hamar minutu igaro aurretik, Udaltzaingoaren patruila bat ezbeharra izan zuen gizonaren etxean zegoen”, aipatu dute Udaletik. Agenteek desfibriladore erdiautomatiko bat (DESA) jarri, eta bihotz-arnasetako bizkortzea (RCP) egiten hasi ziren.

Horri esker, gaixoak pultsua berreskuratu zuen eta, behin egonkortuta, Donostiko Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, mediku-arreta jasotzen jarraitzeko. Osasun-iturrien arabera, goizaldeko lauretan konfirmatu zen gizona bizirik eta egonkor iritsi zela ospitalera.