Atzerako kontaketa hasi da Durangoko Azokak ateak irekitzeko

Euskal kultura gertutik ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango dugu abenduaren 5etik 8ra Durangon
Atzerako kontaketa hasi da Durangoko Azokak ateak irekitzeko
2024/12/04 10:38
eta kitto!

Durangoko Azoka 59. ediziora iritsiko da aurten. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Landako Gunean eta euskal kulturaren erakusleiho handia izango da berriz ere. 274 erakusmahai jarriko dituzte 153 partaideren artean eta 933 kultur nobedade egongo dira. Gainera, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi programatu dira.

Abenduaren 5ean, eta ohikoa den bezala, Ikasle Goizarekin ekingo dio Durangoko Azokak 59. edizioari. Ikasleei zuzenduriko tailerrak egingo dira, baina ateak zabalik egongo dira bisitari guztientzat.

Hurrengo egunean, hilaren 6an, Gazte Eztanda ospatuko da, gazteei zuzenduriko egitarauarekin. Gainera, gauean kontzertua egongo da Landako plazan jarriko duten karpan Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik.

Egun berezi bi horiez gain, egunero egingo dira ekintzak Durangoko Azokako gune ezberdinetan. Hala nola, Ahotsenean (Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan instalaturik egongo da; Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean) 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dituzte (tartean Kokein talde eibartarraren ‘Bidea da helmuga’, hilaren 7an, 14:30ean); Irudienean, euskarazko zinemagintzaren plazan, 40 lan eskainiko dira; museoan Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa dago ikusgai azaroaren 28az geroztik; Kabia gunean euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko ditugu, adibidez Codesyntax enpresa eibartarrak eta egoitza Eibarren duen Badihardugu Euskara Elkarteak hitanoa erabiltzeko sortu duten AppaHi! aplikazioa; Saguganbaran haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira (aurkezpenak, irakurketak, tailerrak…); Szenatokian, arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; eta Talaian Euskaraldiaren kantua aurkeztuko dute, Euskadi Literatur sariekin solasaldia egingo da eta EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa bertan grabatuko da, jendaurrean.

Sorkuntza lan horiek denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte eta, tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira. Adibidez, Palestinari buruz zenbait lan aurkeztuko dira.

Horrez gain, Durangoko Azoka etxetik ere jarraitu ahal izango da. Izan ere, Azoka Telebistak 'Hartzea ematea DA' izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, YouTuben eta ETBn, hain zuzen ere.