Aurora Cid, Nutrieibar: "Umeek osasuntsu jaten ikasten badute, gurasoen ohiturak alda ditzakete"
- Nolatan animatu zara elikadura osasuntsuaren inguruko tailer hauek antolatzera?
Tailerrak nire lankidearekin batera antolatu eta emango ditut. Izan ere, biok uste dugu elikadura egokiaren inguruko heziketa, beste edozein arlotakoa bezala, etxean, familia barruan landu beharreko kontua dela. Adin horretako umeek erakusten zaien guztia oso errez ikasi eta irentsi egiten dute eta, joko eta bestelakoen bitartez osasuntsu jatea zer den ikasi eta duen garrantzia barneratzen badute, etxera joatean gurasoei hori transmititu eta egokiak ez diren ohiturak aldatzea eragin dezaketela pentsatzen dugu.
- Eta nola landuko dituzue edukiak?
Asmoa umeek modu dibertigarrian osasuntsua dena eta ez dena bereizten ikastea da eta, Udaleko Gazteria sailaren eskutik sortu zaigun aukera aprobetxatuta, oso tailer dinamikoak prestatu ditugu: hizki-zopak, marrazkiak, ginkanak, power point-ak, sukaldaritza osasuntsuaren inguruko klaseak… horiek eta beste batzuk erabiliko ditugu, jolasen bitartez sasoian-sasoiko produktuak zeintzuk diren, azoketan salgai dauden barazki, fruta eta bestelakoak erakusten joango gara.
- Elikadura egokiari lotutakoak ikasteko etxetik kanpora joateko premian gaude?
Gurasoak sarritan gai batzuekin obsesionatuta ibiltzen gara eta, nahi barik, garrantzitsuak diren beste kontu batzuk alboratu egiten ditugu. Adibide bat aipatzearren, askok garrantzi handia ematen diote mahaian nola jarri behar den zaintzeari eta, aldiz, mahai gainean jateko ipinitakoa ez diote aparteko arretarik ipintzen. Edo umeek etxeko lanak egiteko denbora izateko azkar afaltzeko zerbait prestatzen diete, osasuntsua den ala ez den pentsatu barik. Eta beste batzuk egunero fruta eta barazkiak jateko beharrarekin itsutu egiten dira. Garrantzitsuena umeak jakiekin modu osasuntsu eta naturalean erlazionatzea da eta gu izan behar gara euren eredua. Oso interesgarria da erosketak egitera gurekin batera eramatea, azokan dauden produktuak zeintzuk diren eta zertarako diren onak azaltzea…
- Produkturik arrakastatsuenak ez dira izaten osasuntsuenak…
Osagaien zerrenda etiketetan irakurtzeko ardura gurea da, marketing eta bestelakoen eraginari aurre egiten ahalegindu behar dugu, komeni ez diren horiek baztertzen jakiteko. Enbasatutako zukuek kalte egiten digun azukre mordoa izaten dute. Umeak hori ikasi eta zukua ateratzera doazen hurrengo aldian gurasoei ikasitako esplikatu eta fruta nahiago duela badio, hortik aurrera umeak egunero fruta eskura izan dezan arduratu beharko dute.
- Eta zer egin dezakegu osasuntsu jateko?
Zorte handia daukagu bizi garen tokian bizitzeagatik, besteak beste orotariko produktuak oso eskura dauzkagulako. Jateko erosiko duguna aldez aurretik pentsatzeak berebiziko garrantzia du, hortik abiatuta eta jatekoa prestatzeko sukaldera bueltatzen bagara, bakarrik hori eginda aurrerapauso handia egingo dugu. Eta jarduera fisiko apur bat gehituta, biribildu egingo dugu. Elikadura desegokia larregizko pisuarekin lotu ohi da, baina hortik kanpora osasunarentzat kaltegarriak diren beste gaitz asko daude, diabetesa eta arrisku-kardiobaskularraren areagotzea, adibidez.