Autismoari buruzko hitzaldi-sorta bihar, osteguna, Coliseo antzokian
GAUTENAk Argatxako Jardiñetan dituen lokaletan elkartu gara ekitaldian parte hartuko duten hizlarietako batzuekin. Debabarrena eskualdeko GAUTENAko familien artean antolatu dute ekitaldia, Eibarko Udalaren laguntzarekin."Autismoa zer den helaraztea nahiko genuke. Hain zuzen ere, gure bizipenak, esperientziak eta beharrak azaltzea gustatuko litzaiguke. Ekitaldia dohainik izango da eta herritar guztiak gonbidatuta zaudete. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Beraz, etorri eta kitto", diote.
Autismoari ikusgarritasuna eman nahi diote ekimen horren bidez. Jara Larreategi GAUTENAko psikologoa eta autismoan aditua da eta berak azaldu digunez, "2019an Gipuzkoa mailan, eta Eibarren ere, Urdinduz ekimena egin zen, gizartea autismoaren inguruan kontzientziatzeko. Ordutik hona ez da ezer egin. Guraso talde desberdinekin elkartzen naiz eta iruditu zitzaigun jendearengana iristeko modurik onena gaia modu pertsonal batean, hau da, lehenengo pertsonan tratatzea zela".
Ikuspegi edo alor desberdinetatik landuko da autismoa. Besteak beste, ume oso txikiak dituzten familiak egongo dira, familiaren ikuspegia landuko du bikote batek, 24 urteko semea duen ama batek bere esperientziak azalduko ditu, ahozko hizkuntzarik gabeko haur autistei eta haien errealitateari buruz arituko da ama bat, anaia baten testigantza egongo da eta, hori guztiaz gain, emakume autista batek bere bizipenak azalduko ditu.
Goiko argazkiko emakumeek azaldu digutenez, "mito asko dago autismoari buruz, eta, oro har, jendeak ez gaitu ulertzen. Gure helburua da autismoaren perfil desberdinak ezagutzera ematea eta, bidez batez, gure beharrak mahai gainean jartzea". Parte-hartzaileek hobeto ulertuko dute mundua autismoa duen pertsona baten ikuspegitik nola esperimentatzen den, eta familiek nola ikasi duten eurei egokitzen eta laguntzen.