"Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no" liburua aurkeztuko du bihar Maitena Monroyk

Ahalduntze eta autodefentsa-estrategien gainean hausnartzeko aukera egongo da bihar Andretxean
"Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no" liburua aurkeztuko du bihar Maitena Monroyk
2024/11/13 10:12
eta kitto!

Nola egin aurre emakumeen aurkako indarkeria ikusezinari, kontzientzia kolektibotik. Hori izango da Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako prestatu duten programazioaren ardatza aurten. Egitaraua hilabete osoan zehar garatuko da eta, urtero bezala, Udaleko hainbat sail eta Eibarko Emakumearen Mahaiko partaideak elkarrekin aritu dira lanean, egitaraua osatzeko.

Autodefentsa feministan aditua den Maitena Monroy-k hasiko du egitaraua bihar, azaroak 14, bere liburua aurkezteko eskainiko duen saioarekin. 18:00etan hasiko da "Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no" liburuaren aurkezpena, Andretxean, eta ekitaldian ahalduntze eta autodefentsa-estrategien gainean hausnartzeko aukera egongo dela adierazi dute antolatzaileek. Egilearen berbetan, “liburu hau emakumeen ahalduntze feministarako ia lau hamarkadatako lanaren emaitza da. Emakumeei jokabide matxistak identifikatzen eta emakumeen eskubideak urratzen edo diskriminatzen diren edozein egoeraren aurrean erreakzionatzen lagunduko dien liburua da hau. Autodefentsa feminista ahalduntze indibidual eta kolektiborako estrategia bat da, erakunde feministetatik sortua, emakumeei indarkeria matxista identifikatzen eta horretatik defendatzen laguntzeko, hiru esparruetan: kognitiboa, fisikoa eta emozionala”.

“Soilik bai da bai” legearen inguruko zalantzak argitzeko saioa 
Azaroaren 21ean, berriz, Sara Arruti jurista eta ikerlari feministak eta Maider Galardi kazetari eta ikertzaile feministak Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legeari buruz (“Soilik bai da bai” izenez ere ezaguna) arituko dira berbetan, “zarata mediatikoak eragindako itzalak argitzeko”. Izan ere, azken urte honetan “Soilik bai da bai” legeari buruzko eztabaida gori-gori dago. Hizlariek diotenez, “indarrean egonda ere, lege horren inguruko polemika ez da amaitu. Urte eta erdi igaro den arren, albiste faltsuak (fake news), ezjakintasuna eta informazio desitxuratua nagusi dira oraindik ere. Zalantzak argitzeko, eta legearen zein hedabideen jardueraren nondik norakoak ezagutzeko solasaldia izango da gurea”. Andretxean izango da saioa, 18:00etan. 

Hurrengo egunerako, berriz, antzezkizuna antolatu dute: Ttipia konpainiak Una bofetada no es nada (Belarrondoko bat ez da ezer) izenburuko lana taularatuko du, 18:30ean Andretxean. Belen Cruz Perez eta Patxi Perez Giraldez antzezleak protagonista dituen lan horretan gaur egungo gure gizartean tokirik ez duten genero-ereduak eta beste gai batzuk ikutuko dituzte, umoretik beti ere: “Komedia bat egin nahi genuen eta, gai horri heltzean, Fary agertu zen, emakume kapoiari eta gizon bigunari buruzko adierazpenak egiten. Horrek barrea eragin zigun, baina, era berean, zaplazteko batek bezala astindu gintuen”.

Ekintza kolektiboa eta elkarretaratzea
Eta azaroaren 25erako bi jarduera nagusi prestatu dituzte. Goizeko 11:30etik 13:00era Matazak Ehuntzen Indarkeria Matxistaren Aurka ekintza kolektiboa egingo da Untzagan. Azaldu dutenez, “Altzoa alargunen elkarteko kideek, Emakumearen Mahaiko gainerako kideekin lankidetzan, bultzaturiko ekintza da hau. Espazio publiko batean, eta ekintza kolektibo baten bidez, indarkeria sexista salatzea proposatzen duen proiektua da”. Asmo horrekin, puntuz egindako pieza ezberdinak elkarrekin josi eta Untzagan dauden zuhaitzetan ipiniko dituzte. Antolatzaileen berbetan, “indarkeria-oinarri bera duten emakumeek jasaten dituzten desberdintasunak eta diskriminazio-egoerak ikustaraztea da helburu nagusia”. Herritar guztiei irekitako jarduera izango da. Eta arratsaldeko 18:30ean Indarkeria Matxisten Kontrako elkarretaratzea egingo da Untzagan, Indarkeria matxistaren aurrean, ardura-hartze kolektiboa goiburuari jarraituta.

Bestalde, urriaz geroztik Andretxean ikusgai dagoen Lumineszenteak, Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrenaren erakusketak hil honen amaieran itxiko ditu ateak; baina aurretik, azaroaren 28an, bi egileek bisita gidatua egingo dutela gogorarazi nahi diete herritarrei. Bisita gidatua egiteko interesa duenak Andretxean galdetu dezake. Eta Juan San Martin Udal Liburutegiarekin batera, azaroaren 25erako Irakurketa Gida bat osatu dute. Gidarekin batera, informazio-mahaia  jarriko da liburutegian bertan.