Azaroak 8ko gauean Eibarko XXIII. Txistularien Alardea emango dute ETB1en

Ekainean Eibarren egin zen ekitaldi berezi horretan 150 musikari, dantzari eta korukide baino gehiago elkartu ziren, tartean Donostiako Orfeoia. Telebista saioa 22:00etan hasiko da.
Azaroak 8ko gauean Eibarko XXIII. Txistularien Alardea emango dute ETB1en
2025/11/03 14:02
Ana Aizpurua

Eibarko lehen txistulari bandaren  90 urteurrena ospatzeko, Txistularien XXIII. Alardea egin zen San Juanak inguruan, ekainaren 15ean, Untzaga plazan. Usartza Txistularu Taldeak azaldu du datorren zapatuan, azaroak 8, etxetik ikusi ahal izango dugula ikuskizun osoa ETBen. Saioa 22:00etan hasiko da.

Ekitaldi berezi horretan 150 musikari, dantzari eta korukide baino gehiago elkartu ziren, tartean Donostiako Orfeoia. Usartza Txistulari Taldeak Udalarekin lankidetzan antolatutako kontzertuan, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako txistulariak aritu ziren Eibarkoekin batera, eta Eibarko Musika Eskolako txistu-ikasleek, herriko metal boskoteak, teklatuak, baxu elektrikoak, perkusioak, eta Kezka eta Neledantza taldeek ere hartu zuten parte. Garikoitz Mendizabalek zuzendu zuen, eta estilo eta erritmo ezberdinetako obrak interpretatu zituzten.