ENRIQUE MONTERO: “Eibarren sei edo zazpi txistulari banda egon ziren aldi berean”
Berezi-berezia izango den ekitaldiari buruz aritu gara berbetan Enrique Monterorekin. 2001ean sortu zen Usartza Txistulari Taldearen zuzendaria izateaz gain, txistu irakaslea da. Usartza taldean hasierako ilusioarekin jarraitzen duten arren, erreleboa falta dela-eta kexu dira. Belaunaldi berriak txistura gerturatzea premiazkoa dela uste du.
Nolako emanaldia izango da?
Programa oso polita izango da, Orfeoiak asko beteko du, eta aukera polita izango da Orfeoia dohain, hemen, Untzaga plazan ikusteko. Doinu asko ezagunak izango dira eta, izan euskal dantzak edo izan dantza modernoak, ikusteko moduko ikuskizuna izango da.
Nolakoa izan da txistuaren bilakaera Eibarren?
Lehen txistulari banda 1935. urtean sortu zen. Ondoren Eibarren akademia bat sortu zen, parrokiaren lokal batean, eta hor Juanito Larrinaga, Jose Luis Perez Sarasketa eta beste batzuk izan ziren klaseak ematen. Jende asko hasi zen txistua ikasten. Mireia Astiz udal-txistulari banda batean parte hartu zuen lehen emakumea izan zen. 70. hamarkadan ikasle asko zeuden, eta 90. hamarkadan 200 edo 300 txistulari egongo ginen Eibarren. Batzuk udal-txistulari bandan geunden: Jose Miguel Laskurain, Elena Perez, Asier Castelos, ni neu..., baina bazeuden beste sei bat banda: Birigarroak, Txantxangorriak... Amaia Baglietto, Elena Perez, bere anaia Evaristo, nire anaiak Eduardo eta Ernesto Montero... jende asko.
Eta zer gertatu zen talde haiekin?
Pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan ziren, eta gaur egun gaudenak geratu ginen. Usartza Txistulari Taldean zazpi kide gara: neu, lehen txistu zuzendari bezala; bigarren txistuan Iratxe Gimenez eta Leire Arrizabalaga; silbotean Asier Castelos eta Jabier Zorrakin; atabalan German Ereña; eta atabalan, perkusioan, eta batzuetan tronpan, Iñaki Orbegozo.
Gazteak ez dira animatzen txistua ikastera, ala?
Gutxi, baina eskertzekoa da Musika Eskolako txistu ikasleen ahalegina. Sanjuanetan, Danborradako kontzertuan, Alardean ere parte hartzen dute. Eta lan asko egin dute emanaldi hau prestatzeko. Gazteek beste modu batera disfrutatzen dute asteburua, eta konpromisoa hartzea zailagoa da.
Zaila da txistua jotzen ikastea? Badu berezitasunik?
Nik ez dut esango zaila denik, baina haizezko instrumentua da, eta hori da pixkat kontrolatu behar duguna: haizea, eztarriko kolpeak, mingainaren artikulazioa... Baina azken urteetan ikasten hasi diren ikasle txikiek oso erraz hartu dute.