Azaroaren 25erako Andretxean prestatzen ari diren programazioa aurkeztu dute
Aurreratu dutenez, programazio zabala eta askotarikoa ari dira prestatzen Andretxean, eta jarduerak azaroan, hilabete osoan zehar zehar izango dira. Sonia Archeli Berdintasun zinegotziaren berbetan, “programa hau emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko dugun konpromiso sendoaren isla da. Ezin dugu ezikusiarena egin hainbeste pertsonari eragiten dion errealitate honen aurrean. Artearen, hezkuntzaren eta ekintza kolektiboaren bitartez, jendartean kontzientzia kritikoa sortu nahi dugu, erabiltzen diren indarkeria mota guztiak ikusgai jarriz eta jendarte berdinzaleago baten alde eginez. Herritaren parte-hartzea funtsezkoa da denok behar dugun aldaketa bultzatzeko”.
Egitarauari begira, autodefentsa feministan aditua den Maitena Monroy-k Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no bere liburua aurkeztuko du (azaroaren 14an, 18:00etan Andretxean), eta ekitaldian ahalduntze eta autodefentsa-estrategien gainean hausnartzeko aukera egongo da.
Azaroaren 21ean, berriz, Sara Arruti jurista eta ikerlari feministak, eta Maider Galardi kazetari eta ikertzaile feministak Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legeari (“Bai da bai Legea” izenez ere ezaguna) buruz arituko dira, zarata mediatikoak eragindako itzalak argitzeko. Andretxean izango da saioa, 18:00etan.
Hurrengo egunean (azaroak 22) antzerkia egongo da: Ttipia konpainiak Una bofetada no es nada lana aurkeztuko du, 18:30ean Andretxean.
Eta azaroaren 25ean, goizez, Altzoa alargunen taldearen eskutik Matazak Ehuntzen Indarkeria Matxistaren Aurka ekintza kolektiboa egingo da, 11:30etik 13:00era Untzagan; eta 18:30ean Indarkeria Matxisten Kontrako elkarretaratzea egingo da.
Horrez gain, Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrenaren Lumineszenteak erakusketa Andretxean zabalik dagoela, eta itxi aurretik, azaroaren 28an bi egileek bisita gidatua egingo dutela ekarri dute gogora.