Azaroaren 3tik 8ra, Coliseo antzokian berrogeita hamar produkzio baino gehiago lehiatuko dira, film laburraren talentua eta pasioa uztartuz

Plano Corto elkarteak antolatzen duen jaialdi hau euskal film laburren erreferentzia bihurtu da mende laurden baino gehiagoko ibilbidearen ondoren. Egun bakoitzean hamabi bat film labur proiektatu dira, 3-20 minutura bitartekoak, saioak bi ordutik gora iraun ez dezan aukeratuak.
Azaroaren 3tik 8ra, Coliseo antzokian berrogeita hamar produkzio baino gehiago lehiatuko dira, film laburraren talentua eta pasioa uztartuz
Goian, iazko edizioaren sari-banaketa ekitaldia Coliseo antzokian
2025/10/28 13:06
eta kitto!

Azaroaren 3an, Eibar berriz ere zinemaz jantziko da Asier Errasti Film Laburren XXVI. Jaialdia-Javier Agirresarobe Sariarekin, Coliseo Antzokian nazio barruko eta nazioarteko berrogeita hamar ekoizpen baino gehiago bilduko dituen  hitzordu batean. Sei jardunalditan zehar, publikoak programazio zabal batez disfrutatu ahal izango du, hasi fikziotik eta animaziora.

Saioak egunero izango dira, doan, 19:30etik aurrera.  Plano Corto elkarteak antolatzen duen jaialdi hau euskal film laburren erreferentzia bihurtu da mende laurden baino gehiagoko ibilbidearen ondoren.  “Eibarrek jakin du formatu txikiko zinearekiko pasioa bizirik mantentzen.  Jaialdi hau gure kultura-identitatearen parte da”, azpimarratu du Jon Iraola alkateak. Era berean, antolatzaileen eta boluntarioen lana goraipatu nahi izan du, zazpigarren artea publiko guztiei hurbiltzeagatik eta Asier Errastiren legatua bizirik mantentzeagatik.  

Egun bakoitzean hamabi bat film labur proiektatu dira, 3-20 minutura bitartekoak, saioak bi ordutik gora iraun ez dezan aukeratuak. Aurtengo karteldegian Javier Fesserek zuzendutako "Depredador" izenekoa azpimarratu beharra dago, euskal errealizadore gazteen proposamenekin batera. “Jaialdi honek leiho bat irekitzen die gure inguruan garatzen ari den talentuari eta sormenari”, nabarmendu du Andoni Zabala Kulturako zinegotziak. Bere hitzetan, “Eibarrek zinea hartzeaz gain, hura inspiratu ere egiten du. Sortzaile askok hemen aurkitzen dute proiektu handiagoetara jauzi egiteko bultzada”.  

Bestalde, Klausura Galan, edizio honetako sariak banatzeaz gain, hainbat aitortza egingo dira. Hauexek dira emango diren sariak: Javier Agirresarobe Lehen Saria (fikzioa; 700 euro); Javier Agirresarobe Bigarren Saria (fikzioa, 500 euro); euskarazko film labur onenari Saria (700 euro); Animazio-film labur onenari Saria (700 euro); Eibarko film labur onenari Saria (200 euro); EITB Sari Berezia (700 euro). Sariak Klausura ekitaldian emango dira ezagutzera jendaurrean, 2025eko azaroaren 8an. Ezinbestekoa izango da sarituak eurak edo haiek ordezkatuko dituen pertsona bat bertaratzea. Hitzordua azaroaren 8an (larunbata) amaituko da, ohiko Klausura Galarekin eta sari-banaketarekin, Coliseoan, 19:30ean.