Eibarko Udalak izapideak egiten dihardu Niceto Alcala Zamorari 1932an oparitutako pistola berreskuratzeko
Niceto Alcala Zamora Espainiako II. Errepublikako lehen presidenteari Eibarrera egindako bisitan oparitu zitzaion pistola berreskuratzeko izapideak egiten dihardu Eibarko Udalak. Star markako pistola ondare-balio handiko pieza historikoa da eta, desagertuta egon eta gero, Guardia Zibilaren eta Frantziako Jendarmeriaren arteko lankidetzari esker, 2025eko urtarrilaren 7an aurkitu eta berreskuratu zen pistola Frantzian, legez kanpoko bildumagile talde bat desegin ondoren.
Alkatetzatik azaldu dutenez, “Udalak berak eman zuen alarma, arma bat tasatzeko eskabide arraro bat jaso ondoren. Interesdunek objektuaren argazkiak bidali zituzten, eta, horri esker, arma historikoetan aditua den Armagintzaren Museoko laguntzaile batek ohartarazi zuen pistola hori Alcala Zamorari Eibarrera egindako bisitan oparitu zitzaiona izan zitekeela. Era berean, aurkeztutako dokumentazio grafikoan delitu-zantzuak hauteman ziren, armaren jatorriari buruzko datu garrantzitsuak ezkutatu ziren-eta”. Gertakari horiek direla eta, Udalak Guardia Zibilari pasa zion informazioa, eta une horretatik aurrera haien esku laga zuen ikerketa. Prozesuan zehar, Udalak aktiboki hartu du parte ikerketan, piezari buruzko txosten tekniko eta historikoak eginez.
Arma Star Bonifacio Echeverria SA enpresak fabrikatu eta Jacinto Olave tailerreko Luciana Larreateguik damaskinatu zuen. Pistola Eibarko Talde Errepublikanoaren Emakume Sozialistek oparitu zioten “al primer ciudadano de la República”, pistolaren inskripzioan ageri den bezala. Horrekin batera, II. Errepublikaren eta Eibarko hiriaren armarriak ageri dira, eta baita hitz hauek ere: “Muy ejemplar ciudad de Eibar”. Armaren eskuinaldeko “NAZ” inizialek egiaztatu egiten dute armak Alcala Zamorarekin duen lotura zuzena.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “pistola hau berreskuratzea garrantzi historiko handiko gertakaria izateaz gain, gure hiriaren nortasunaren sinboloa ere bada, uztartu egiten baititu gure arma-tradizioa, damaskinatuaren artea eta II. Errepublikaren Aldarrikapenean izan dugun protagonismoa. Hura Eibarrera itzultzea pauso bat da gure memoria kolektiboaren berreskurapenean eta aitortza bat gure hiriak izan zuen paper historikoari”.
Andoni Zabala Kultura zinegotziaren berbetan, “Armagintzaren Museoa prestatuta dago pieza hau modu seguruagoan gordetzeko eta erakusgai jartzeko. Horrek aukera emango die eibartarrei eta bisitariei gure historiaren eta Eibarko armagintzaren eta damaskinatuaren lekuko izan zen elementu hau lehen eskutik ezagutzeko”.
