Azokiak eta Eibarko basarrixetako animalixen erakusketiak beteko dabe San Andres eguna

Azokiak eta Eibarko basarrixetako animalixen erakusketiak beteko dabe San Andres eguna
2014/11/28 00:00
eta kitto!

Domekan, San Andres Egunian egingo diran guztien artian azokiak garrantzi berezixa eukiko dau. Aurten 36. ediziñua beteko daben ferixako epai-mahaixak goizian goizetik, 09.30xetan ekingo detsa bere biharrari, azokan ipiñiko dittuen 70 postuak banan-banan ikusi eta gero sarixa jasoko dabenak zeintzuk diran erabagitzeko. Azken urtiotako martxari jarraittuta, aurten be ogixa saltzeko postuak (22), gaztagilliak (20) eta barazki-postuak (17) beteko dabe azokaren zatirik haundiña, bestelako produktuak saltzera etorriko diranekin batera: eztixa saltzeko bost postu, frutak saltzeko beste hiru, txakolin postu bi eta lorak saltzeko beste bat ipiñiko dittue Untzagan eta Txaltxa Zelaixan, 1.500 metroko azaleria beteko daben karpen azpixan. Untzagan, udaletxeko plazan lehenagotikan ipiñitta egon dan karpan barazkixak eta frutak saltzen egongo dira eta gaiñontzeko postuak Txaltxa Zelaixan, 50x15 metroko karparen barruan ipiñiko dittue. Errebalen 30x10 metroko hirugarren karpa batek ganadu erakusketia eta San Andres txapelketan bikoteka jardungo daben aizkolarixak babestuko dittu.
San Andres azokan parte hartuko daben ekoizle gehixenak kanpotik etorrittakuak izango dira, baiña Eibarko basarritarrak be topauko dittugu: Gisasola eta Loixola basarrixetakuak berdurak saltzen egongo dira eta Sosolakuak, barriz, etxian egindako ogixak eruango dittue.
Eibarko basarrixetako animalixak
Edozelan be, azokaren beste zatixan, Errebalgo aparkalekuan 09.30xetatik aurrera egingo dan ganadu eta animalixen erakusketan, gure herriko basarrittarrak jaun eta jabe izango dira oinguan be: Sumendixa Goikua, Loixola, Agarre, Amazabalegi, Arimendi Goikua, Mandiola Gañekua, Aritxulueta, Zumaran, Unzeta eta Sumendixa Bekua basarrixetatik bajauko dittuen animalixak kalian ikusteko aukera zoragarrixa eskinduko desku San Andres egunak atzera be.
Hogei ardi, hamazazpi behi, hamaika zaldi, hamar ahuntz, lau asto, idi bi eta txarri bat erakutsiko dittue domekako ferixan, hainbat untxi eta hegaztirekin batera. Danak gure basarrixetan hazittako animalixak izango dira, "gurian be abeltzantzak bere tokixa badakala" jendiak ikusi deixan. Eta hórretxen artian, gaiñera, arraza diferentiak topauko dittugu: ardixetan, mutur gorrixak eta mutur baltzak; oilluetan, Euskal oilluarekin batera Italiakuak eta Holandakuak egongo dira; behixetan, asturianak, blondak, limusinak eta suizak; eta zaldixetan, bretoia, pertxeroia, pottoka eta ponixak erakutsiko dittue.
Azokatik kanpora be, eguna girotzeko beste jarduera batzurekin jantzi dabe San Andres eguneko programia: eguardixan Narbaiza eta Gorrotxategi bertsotan hasiko dira eta eurekin batera Jainaga eta Narbaiza trikitilarixak emanaldixa eskinduko dabe. Ordu erdi geruago Kezka dantza taldekuak Plazara Dantzara erromerixia egingo dabe Untzagan. Eta 13.00a aldian banatuko detsez sarixak sanandresetako lehiaketak irabazi dittueneri eta, zelan ez, San Andres Azokan sarixa eskuratzen dabeneri.