Bakarne Elejalde eta Virginia Arakistain: "Leku berean egonda ere, bakoitzak argazki oso desberdina ateratzen du"
Portaleko argazkilaritza gelan elkartu gara Bakarne Elejalde eta Virginia Arakistainekin. Hamarkadak daramatzate Klub Deportiboko Argazkilaritza Batzordean, eta gaur egun ere aktibo jarraitzen dute taldearen jardunean.
Argazkilaritza Maiatzean egitasmoaren barruan aurkeztu duten erakusketak Lanzarotera egindako bidaia du oinarri. Erakusketa maiatzaren 8tik 30era izango da ikusgai, astelehenetik zapatura, 10:00etatik 21:00etara, Portaleko Tabernan. Paisaia bolkanikoek eta koloreek gidatutako lan sorta da; batez ere, bi begiraden arteko elkarrizketa: leku bera, bi ikuspegi.
Nola iritsi zineten argazkilaritzara eta Klub Deportiboko taldera?
Bakarne Elejalde: Jose Luis Irigoienekin ikastaro bat egin nuen, eta orduan sortu zen argazkilaritza taldea. Bertan sartu nintzen, eta ordutik hemen nago. Duela 35 urte inguru hasi nintzen.
Virginia Arakistain: Nik hasiberrientzako ikastaro bat egin nuen Unibertsitate Laboralean, Udalak antolatuta. Hura amaitutakoan, 1993an sartu nintzen Klub Deportiboko taldean. Orduan ezagutu genuen elkar.
Bakarne: Ni sartu nintzenean Inma Urkiola zegoen, eta ez dut uste beste emakumerik zegoenik. Denak mutilak ziren. Gero Virginia azaldu zen, eta oso pozik hartu genuen.
Virginia: Ni sartu nintzenerako Inma ez zegoen jada, eta gu biok gelditu ginen. Hamalau urtez emakume bakarrak izan gara.
Bakarne: Emakume bakarra nintzenez, presidente izatea egokitu zitzaidan. 33 urtez jardun dut karguan. Gero erreleboa eskatu nuen, eta gaur egun Fernando Solana da presidentea.
Badago tradiziorik Eibarren argazkilaritzan?
Virginia: Bai.
Bakarne: Hor dugu Indalecio Ojangurenen adibidea. Mendizalea izan zen, baina argazkilaritza ere oso gustuko zuen, eta kamera aldean hartuta ibiltzen zen beti. Sari ugari jaso zituen, eta erreferente handia da Eibarren.
Virginia: Gainera, urtero egiten da haren izena daraman argazkilaritza lehiaketa, Udalak antolatuta Klub Deportiboaren laguntzarekin. Iaz 38. aldia egin zen.
Bakarne: Eta ez da bakarra; badira beste erreferente asko ere, batez ere mendiko argazkigintzan.
Gaur egun emakume gehiago al zaudete taldean?
Virginia: Bai, baina ez asko. Gutaz gain, Iraia dabil, eta bi ahizpa ere bai: Estrella eta Silvia. Hala ere, gehienak gizonezkoak dira oraindik.
Zenbat lagun zarete gaur egun?
Virginia: Aktibo, eta bileretan parte hartzen dugunok, hamar bat lagun izango gara.
Bakarne: Martitzen guztietan elkartzen gara. Gero bada beste jende bat ere, beste modu batean parte hartzen duena; batzuk urte asko egin eta gero utzitakoak dira.
Zaila da halako talde batean jendeari eustea?
Virginia: Bai, azken batean dena da zaletasun hutsez egina. Lana dagoenean, gehiago kostatzen da jendea erakartzea.
Bakarne: Argazkilaritza Maiatzean antolatzeak lan handia eskatzen du.
Virginia: 25 edo 26 urte daramatzagu antolatzen. Ez da maiatzera mugatzen; urte osoan prestatzen ditugu erakusketak, tailerrak eta bestelako jarduerak.
Bakarne: Tailerretara argazki munduan oso izen handiko jendea etorri izan da.
Virginia: Penintsula osoan erreferente diren argazkilariak.
Bakarne: Eta oso aberasgarria izan da haiek ezagutzea. Gainera, pertsona xume eta jatorrak izan dira.
Zuen artean sortu den harremana ere garrantzitsua izango da.
Bakarne: Noski. Ikasteko tokia da, baina, aldi berean, lagun kuadrilla ere bihurtu gara.
Virginia: Beti gaude prest elkarri irakasteko eta ikasteko. Bakoitzak bere erara lan egiten badu ere, denok dugu gure tokia.
Argazkilaritza Maiatzean barruan erakusketa bateratua egingo duzue Portaleko tabernan. Nola sortu zen?
Virginia: Urte askoan emakume bakarrak izan gara, eta harreman estua egin dugu. Horregatik, duela 15 urte inguru elkarrekin bidaiatzen hasi ginen.
Bakarne: Argazkiak egiteko leku aproposak iruditzen zitzaizkigun, koloreengatik eta paisaiagatik.
Virginia: Baina ez gara argazkiak ateratzera bakarrik joaten; oporrez gozatzera ere bai.
Bakarne: Veneziara bost aldiz joan gara segidan. Urtero auzo desberdin bat ezagutu dugu. Gero Italian barrena ere ibili gara, baita penintsulako hainbat hiritan eta Kanarietan ere.
Virginia: Eta joaten garen tokietan erakusketarik edo ikusteko moduko zerbait baldin badago, aprobetxatu egiten dugu.
Nola egiten duzue lan bidaia horietan?
Virginia: Ekipamendu guztiarekin joaten gara, pisu handiarekin. Nekatuta bukatzen dugu, baina gustura. Goizetik irteten gara, eta gehien gustatzen zaidana hori da: kalera atera eta argazkiak egitea.
Bakarne: Hor esan beharra dago Virginia izan zela Indalecio Ojanguren saria jaso zuen lehen emakumea.
Virginia: Bai, 2010ean izan zen.
Lanzaroteko bidaia izan da erakusketaren abiapuntua.
Virginia: Duela bi urte joan ginen, urrian, astebetez.
Bakarne: Aurten erakusketan jartzeko aukera eskaini digute, eta hango argazkiak aukeratu ditugu.
Virginia: Koloretako argazkiak dira, nahiz eta askotan zuri-beltzean aritzen garen.
Estilo desberdinak dituzue?
Virginia: Bai, nahiko desberdinak.
Bakarne: Erabat.
Virginia: Leku berean egonda ere, lan oso desberdinak ateratzen zaizkigu.
Materialak ere baldintzatzen al du emaitza?
Bakarne: Bai. Virginiak ekipamendu handiagoa darama; ni makina txikiago batera pasatu naiz. Baina biek eramaten ditugu objektibo batzuk, egoeraren arabera bata edo bestea erabiltzeko.
Zer aurkituko du ikusleak erakusketan?
Virginia: Lanzarote oso desberdina da gure herriarekin alderatuta.
Bakarne: Bolkanak, hondartzak… bakoitzak bost argazki aurkeztu ditugu. Bidaietan tripodea eramaten dugu beti, eta egunsentia zein ilunabarra harrapatzen saiatzen gara.
Virginia: Batzuetan arratsalde oso bat alferrik joan daiteke, baina hurrengo egunean itzuli eta berriro saiatzen gara.
Bakarne: Arkitektura eta xehetasunak ere asko gustatzen zaizkigu.
Virginia: Baina oraingoan ia dena natura da.
Zenbat argazki egiten dituzue halako bidaietan?
Virginia: Erakusketan bost edo hamar inguru jartzen ditugu, baina benetan askoz gehiago ateratzen ditugu.
Bakarne: Asko geratzen dira gordeta, “oroitzapenen kutxan”, esan liteke.
Hurrengo bidaiari begira al zaudete?
Bakarne: Normalean urrian egiten dugu bidaia. Oraindik ez dakigu nora, baina Eibarren ez gara geldituko.
Virginia: Edozein lekutan aurki daiteke zerbait interesgarria.
Eta aukeran, nora joango zinatekete?
Virginia: Arkitektura gustuko dudanez, New Yorkera itzuliko nintzateke.
Bakarne: Argazkiak egiteko leku aparta da: arkitektura, jendea, museoak… denetarik du.
Zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei?
Bakarne: Erakusketak ikustera etortzeko. Oso politak dira.
Virginia: Doakoak dira, eta tailerretan parte hartzera ere animatuko nituzke. Beti ikasten da zerbait.
Bakarne: Eta nahi duenak, Klub Deportiboko taldera etor dadila. Martitzenetan elkartzen gara, eta beti izango du norbait laguntzeko prest.