Basagunea, kontsumo ekologiko eta hurbilerako gunea
Azataporrua Kontsumo Elkarteak bide berri bat hasiko du kokagune berrian, Errebal Plazan, eta izen berriarekin, Basagunea. Bere jarduna orain dela 13 urte hasi ondoren, egitasmoa eraberritzeko sasoia iritsi dela pentsatu dute eta sasoi berrietarako tresna berriak eskaini. Horrela, San Andres egunaren inguruan, aro berriari hasiera emango diote.
Elikadura-autogestioaren kezka zuen herritar talde batek jarri zuen martxan Azataporrua 2011n eta 13 urte hauetan proiektua hazi egin da. Gainera, behar berriak sortu dira eta gizartean hainbat aldaketa ere eman dira. Beraz, horri erantzuna emateko Azataporrua eraldatu nahi izan dute eta Basagunea da horren emaitza.
Basaguneak Azataporruaren filosofia eta funts berari eutsiko dio, baina hainbat aldaketa egingo dituzte. Batetik, elkarteak postu finkoa izango du Errebal Plazan. “Lehengo lokala txiki geratzen zitzaigun”, azaldu digu Eva Perez de Albeniz elkarteko kideak. Baina espazio falta ez da aldaketarako arrazoi bakarra, salmenta zuzena egiteko aukera emateaz gain, Errebalen beste hainbat ekintza garatzeko tokia ikusten dutelako. “Gure filosofia jendeari helarazi nahi diogu eta, horretarako, dastaketak, showcooking-ak, ikastaroak… egin nahi ditugu bertan”, zehazten du Evak.
Basagunearen atzean herritarrak daude. Eurek bultzatutako ekimena da eta, hazi egin den neurrian, bertan sortu den giza sareak garatu du proiektua. Horrela, jauzi hau emateko lantalde ezberdinak sortu dituzte, beharren arabera sortuak. “Gaur egun mantenu-talde bat martxan dago Errebaleko lokala prestatzen, hornikuntza-taldea baserritarrekin eta bestelako ekoizleekin harremanetan dabil produktuak ekarri ahal izateko, komunikazio-taldeak proiektua gizarteratzeko lana egiten dihardu, diru-kontuez arduratzen den beste talde bat dago eta dinamizazio taldea ere martxan da, ez dugulako Basagunea denda soil bat izatea nahi”, azaldu digu Aizpea Izagirrek.
Filosofiaren hamar oinarriak
Basaguneak dekalogo bat prestatu du bere filosofia azaltzeko. “Zer jaten dugun, jaten duguna nondik datorren, horrek naturan zein eragin duen… Ardura horiek dituen taldea gara. Beraz, hurbileko produktuak kontsumitzea nahi dugu, ekologikoak, ekoizleekin hartu-eman zuzena eduki…”, Evaren berbetan.
Hauek dira Basagunearen filosofiaren hamar oinarriak: bertan ekoiztu, bertan kontsumitu; zuzeneko salerosketa; elikadura ekologikoa; harremanak saretu; bazkide eta salmenta librea; gertutasuna produktuetan; baita harremanetan ere; elikadura osasuntsua bultzatu; ingurumenarekiko errespetua; kontsumo eredua birplanteatu; eta merkatu plazaren izaera berreskuratu. Azken puntu horri dagokionez, zera dio Evak: “Merkatu plaza nolabaiteko impasse batean dago eta baserritarren eskaintzari zerbait gehitzea nahiko genuke, merkatuari bizitza gehiago emanez”.
Aizpeak agroekologian jartzen du arreta: “Ingurumena eta gure osasuna zaintzeaz gain, hau osatzen dugun guztion duintasuna zaintzea da helburua. Iraunkortasunaren alde egin nahi dugu”.
Basagunean aurkituko diren produktuak eguneroko otarra betetzekoak izango dira (fruta eta barazki freskoak, lekaleak, laboreak, esnekiak, ogia, arrautzak, kontserbak, edariak, zizka mizkak, okela…) eta kalitatezko produktuak izango direla bermatzen dute. “Produktu guztiak ekologikoak eta hurbilekoak dira”, diote elkartekoek. Gainera, euren berbetan, “prezioak justuak dira ekoizleentzat eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat”.
Orain arteko ekoizleekin jarraitzeko asmoa dute eta zabalik daude euren filosofiarekin bat egiten duten ekoizle gehiagorekin elkarlana egiteko.
Bazkidetza eta erosketa librea
Basagunea irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bi modutan hartu daiteke parte bertan. Batetik, bazkide egiteko aukera dago. 30 euroko hastapen aportazioa egingo da bazkidetza formalizatzeko eta, gero, 10 euro ordaindu beharko dira hilero. Horren bitartez, elkartean zuzenean parte hartzeko aukera izateaz gain, %10eko deskontua eta lehentasuna egongo da hainbat produktu eta ekintzatan.
Beste alde batetik, egitasmoa herritar guztiei irekita dagoenez, Errebaleko postuan erosketa librea eskainiko dute. Beraz, dendara hurbildu eta beharrezko produktuak erostea besterik ez dago. Gainera, erosketak enkarguz ere egin ahal izango dira. “Ahalik eta galera gutxien sortu nahi da. Aurretik baldin badakigu zer kontsumituko den, galera gutxiago egongo da eta produktuen prezioa ere gure poltsikoetara moldatuko dugu”, diosku Aizpeak.
Denda astelehenetan 17:00etatik 20:00etara, martitzenetan 10:00etatik 13:30era, eguenetan 17:00etatik 20:00etara, barixakuetan 10:00etatik 13:30era eta zapatuetan 10:00etatik 13:30era egongo da zabalik.
Basagunearen inguruan informazio gehiago jasotzeko Instagram kontua ireki dute eta bihar Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azokan egongo dira Untzagan proiektuaren berri ematen.
San Andres egunaren inguruan zabalduko dute Errebal Plazako gunea (“ezin egun aproposagoa proiektua martxan jartzeko”, esan digu bikoteak) eta ateak parez pare lagako diote zabalik herritar orori.