Gipuzkoako Batzar Nagusiei Basalgo proiektuaren inguruko informazioa eta agerraldia eskatu dizkio Eibarko Mendiak Bizirik-ek
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatu die Basalgo proiektuaren inguruko jarduketen berri emateko eta agerraldi bat egiteko aukera emateko. Joan den abenduaren 22an amaitu zen Eibar, Soraluze eta Bergarako mendietan sei aerosorgailu jartzea aurreikusten duen proiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta ordutik hilabete baino gehiago igaro arren, oraindik ez dago prozeduraren inguruko informaziorik. Horregatik, plataformak proiektuaren egungo egoera eta eragingo lituzkeen kalteen berri zuzenean ematea eskatu die erakundeei.
Plataformak gogorarazi du herri-alegazioen kanpaina abiatu zuela eta 6.000 sinadura baino gehiago bildu zirela. Horrez gain, kaltetutako udalek, elkarteek eta norbanakoek aurkeztutako alegazioez gain, Eibarko Mendiak Bizirik-ek berak hogeita hamar alegazio tekniko inguru landu zituen. Egoera horren aurrean, eta prozeduraren inguruko berririk ez dagoela ikusita, plataformak bide ofizialetik informazioa eskatzera jo duela azaldu du.
Zehazki, bi norabidetan egin dituzte eskaerak. Alde batetik, Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak aurkeztuta, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuari galdetu diote Gipuzkoako Foru Aldundia zer jarduketa egiten ari den eta zein epe aurreikusten dituen. Bestetik, Jasangarritasun Batzordeari eskatu diote plataformako ordezkariek agerraldia egin ahal izatea, “milaka herritar Basalgo proiektuaren aurka jartzera bultzatu dituzten arrazoiak lurraldeko ordezkariei bertatik bertara azaltzeko”.
Azkenik, Gipuzkoako Batzar Nagusiei egindako eskaerez gain, Eibarko Mendiak Bizirik-ek berretsi du proiektuaren aurka lanean jarraituko duela, eta datozen asteetan hainbat ekimen antolatuko dituela iragarri du.