Basalgoko parke eolikoaren aurkako jarrera berretsi du Udalak
Arrateko Amaren eguneko prentsaurrekoa egin du gaur Eibarko Udalak. Jaien inguruko xehetasunak eman ostean, galderen txanda heldu da, eta herrian kezka edo interesa pizten duten hainbat gai atera dira mahai gainera: El Corte Inglés eraikinaren balizko erosketa, Arragueta kaleko obren egoera, 2027ko udal aurrekontuak eta Basalgoko parke eolikoaren proiektua.
Basalgoko parke eolikoaren aurkako jarrera berretsi du Udalak
Basalgoko parke eolikoaren proiektuak aldaketak izan ditu, baina Eibarko Udalak aurkako jarrerari eusten dio. Hasierako proposamenean sei aerosorgailu aurreikusten ziren: bi Eibarren, hiru Bergaran eta bat Soraluzen. Planteamendu berrian, berriz, bost izango dira guztira: hiru Eibarren, bat Bergaran eta beste bat Soraluzen. Parkearen aurreikusitako potentzia ere 28 MW-etik 24,95 MW-era jaitsi da.
Aldaketa horien aurrean, Jon Iraola alkateak adierazi du bere jarrera ez dela aldatu, eta bereziki kezkagarria dela Eibarren aerosorgailu bat gehiago kokatzea. «Basalgoko parke eolikoaren aurka nago eta nire posizioa ez da aldatu», adierazi du. «Nire esku dagoen guztia egingo dut parke eoliko hau hona ez etortzeko», gaineratu du.
Udalak aurreko fasean aurkeztutako alegazioetan lurraldean, paisaian, ingurumenean eta ondarean izan zitzakeen eraginekin lotutako hainbat gai planteatu zituen. Orain, proiektuaren dokumentazio berria aztertzen ari da, eta adierazi du gai horietako batzuek oraindik ez dutela behar besteko erantzunik jaso.
Horien artean dago Gerra Zibileko frontearekin lotutako ondare historikoa. Udalaren arabera, Basalgo inguruan badira garai hartako defentsa-posizioekin eta frontearekin lotutako aztarnak, eta proiektuaren eraginak aztertzerakoan ondare hori ere kontuan hartu beharko litzateke. Luis Vicente Castellanos Hirigintza zinegotziak eskatu du aztarna horietan izan daitezkeen eraginak aztertzea eta ondarea babestea.
Proiektuaren aldaketa nagusia Bizkaiko Foru Aldundiak Udalaitz eta sai zurien babeslekuekiko segurtasun-distantzien inguruan aurkeztutako alegazio bati lotuta dago. Eusko Jaurlaritzak alegazioa onartu du tramitazioaren barruan, eta horren ondorioz aldatu da aerosorgailuen banaketa.
30 egun alegazio berriak aurkezteko
Proiektuaren aldaketaren ondoren, 30 eguneko epe berria ireki dute alegazioak aurkezteko. Eibarko Udalak dokumentazio berria eta prozeduran emandako erantzunak aztertuko ditu epe horretan, eta, beharrezkoa dela iritziz gero, alegazio berriak aurkeztuko ditu.
Udalak adierazi du bere jarrera ez dela aldatu eta proiektuak Eibarren izan ditzakeen lurralde-, paisaia-, ingurumen- eta ondare-eraginak aztertzen jarraituko duela. Iraolaren esanetan, Udalak «zorroztasunez» aztertuko du dokumentazioa eta «orain arteko determinazio berarekin» jarraituko du proiektuaren aurrean.
El Corte Inglés eraikinaren erosketa epe laburrean argitu nahi du Udalak
El Corte Inglés eraikinaren balizko erosketari dagokionez, Jon Iraolak azaldu du EAJ-PNV eta PSE-EE akordiora iristeko lanean ari direla, baina oraingoz erosketa ez dagoela baieztatuta. Alkateak «epe laburrean» eragiketa argitzea nahiko luke, eraikinari eman nahi zaion erabilerarekin lotutako proiektuetan aurrera egin ahal izateko.
Udalak hainbat aukera ditu mahai gainean: museoa, aparkalekua eta estalkiaren erabilera publikoa, besteak beste. Museoaren proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa izango luketela gogorarazi du Iraolak: 2,75 milioi euro Jaurlaritzaren aldetik eta beste milioi bat euro Aldundiaren aldetik.
Aparkalekuari dagokionez, salmenta zein alokairu aukerak aztertzen ari dira. Estalkiari ere erabilera publikoa eman nahi diote, eta proiektuak Ego Gainetik Isasi ingurura igogailu baten bidez iristeko aukera jasotzen du. Iraolaren arabera, igogailu horren proiektua «ia amaituta» dago.
Alkateak nabarmendu du El Corte Inglés eraikina erostea «ekonomikoki kostu handikoa» dela, eta, beraz, erabakia hartzeko udal teknikarien txostenak eta gobernu taldeko alderdien arteko adostasuna beharko direla.
Hala ere, Iraolaren ustez, eraikinari erabilera berria ematea «ez da gobernu taldearen ideia hutsa», baizik eta «hiriaren beharra». «Hiriaren erdigunean hutsik dagoen eraikin bat dugu, eta herritarrak eraikin horri bigarren bizitza bat ematea eskatzen ari dira», adierazi du.
Arragueta kalea urriaren 15ean irekiko dute berriro
Arragueta kaleko obren inguruan ere galdetu diote alkateari. Obra egiten ari den enpresak lanak amaitzeko epea luzatzeko eskatu duela jakinarazi du Iraolak. Hasiera batean, irailaren amaierarako aurreikusten zuten amaiera, baina urriaren 15era arte luzatu dute epea.
Alkatearen esanetan, eskaera «arrazoizkoa» da, obra «handia» eta «bolumen handikoa» delako eta lanek ezustekoak ekar ditzaketelako.
Lanek kale osoaren urbanizazioa ekarriko dute. Espaloiak bi metro ingurukoak izango dira, eta, Iraolaren arabera, Arragueta eta Bidebarrieta kaleen arteko lotura ere hobetuko da.
«Nik uste dut kalea oso ondo geratuko dela», adierazi du alkateak. Bere aurreikuspenen arabera, urrian edo azaroan ikusi ahal izango da lanen behin betiko emaitza.
2027ko aurrekontua «errealista» izatea nahi dute
2027ko udal aurrekontuak prestatzen ere ari dira dagoeneko. Udaleko sail bakoitzak irailaren 15era arte izango du bere proposamenak prestatzeko epea. Ondoren, aurrekontu-proiektua osatu eta oposizioko taldeekin negoziatzeko prozesua hasiko da.
Iraolaren esanetan, aurrekontuaren helburu nagusietako bat errealista izatea izango da. Aurrekontuetan proiektu eta partida ugari jasotzen direla azaldu du, baina urtearen amaieran ez direla guztiak gauzatzen. Azken urteetan, haren arabera, aurrekontuaren %80 inguruko gauzatze-maila izan dute, eta gainerako %20a hainbat arrazoirengatik geratu da gauzatu gabe.
Horregatik, urtean zehar gauzatzeko moduko proiektuak jasotzearen alde egin du alkateak. Helburua, gainera, aurrekontua abenduan onartzea eta 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean egotea da. Iazkoa urtarrilaren erdialdera sartu zen indarrean, eta aurten prozesua aurreratzea nahi dute.
Dagoeneko 2027rako mahai gainean dituzten proiektuen artean, Mekolako igogailua eta Julián Etxeberria kalea berrurbanizatzea aipatu ditu Iraolak. Azken horretan, gainera, kalearen noranzkoa aldatzea aurreikusten dute. Bi proiektuak datorren urtean abiatzea nahiko luke Udalak.