Eibarko anbulatorioa berritzeko lanak 2027an hasiko dira
Eibarko anbulatorioa berritzeko lanak 2027an hasiko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 1.097.200 euro inbertituko ditu eraikinaren fatxadak, estalkia eta leihoak berritzeko, eta, horrela, isolamendua eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Lanak 2028ko erdialdean amaitzea aurreikusten dute. Jarduketa Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura Programaren barruan dago; besteak beste, EAE osoko osasun zentroak modernizatzea eta irisgarritasuna zein energia-eraginkortasuna hobetzea du helburu programak.
Fatxada berriak jarriko dituzte, estalkiko isolamendua indartuko dute eta leiho zaharrak beira bikoitzeko berriekin ordezkatuko dituzte. Osakidetzaren arabera, neurri horiek eraikinaren isolamendua hobetuko dute eta energia-kontsumoa murrizten lagunduko dute.
Osasun-arreta mantenduko dute
Obrak egiten dituzten bitartean, anbulatorioak osasun-arreta eskaintzen jarraituko du. Eibarko 27.000 biztanle baino gehiago artatzen ditu zentroak, baita Debabarreneko beste 50.000 pertsona inguru ere.
Osakidetzak dagoeneko esleitu du birgaitze-proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lana. Donostiako AGM Arquitectos enpresak egingo du proiektua.