Beistegui Hermanos eraikina eta Ramon Martiarena arkitektoa gogoratzeko plaka ipini dute
2023/10/02
18:50
eta kitto!
Arkitekturaren Nazioarteko Eguna da gaur eta, horren aitzakiarekin, Arragueta kaleko 20. zenbakian dagoen Beistegui Hermanos (BH) eraikina aintzatesteko ekitaldia egin da arratsaldean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin (EHAEO Gipuzkoa) batera aritu den Docomomo Iberico fundazioaren ekimenez. Bide batez, eraikina jaso zuen Ramon Martiarena Laskurain arkitektoari omenaldia egin nahi izan diote, bere oroimenezko plaka jarrita.
Arkitektoen Elkargoko ordezkariekin batera, Ramon Martiarenaren familiakoak, eraikina erosi zuen Azpiri familiakoak eta gaur egun bertan bizi diren hainbat lagun egon dira ekitaldian, baita udal ordezkariak ere. Plaka ipini eta jarraian, eraikinari buruzko azalpenak eman dituzte arkitektektoek. Martiarenaren bilobak, bestalde, bere esker ona azaldu du, “horrenbeste urte eta gero aitonarekin gogoratu eta horrelako aitortza egiteagatik”. Ekitaldia amaitu aurretik, Kezkako dantzariek soka-dantza egin dute, bat egitera animatu direnekin eta, ondoren, familia-argazkia egin dute.