Beistegui Hermanos eraikinari eta bere arkitektoari aitorpena egiteko plaka jarriko dute astelehenean
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin (EHAEO Gipuzkoa) batera aritu den Docomomo Iberico fundazioaren ekimenez egingo da aitorpena eta, argitu dutenez, “aintzatespena izango da, ez katalogazioa, horrek beste prozesu eta izapide bat eskatuko lukeelako”.
Bizikleten fabrikazioari lotuta dagoen BH eraikina 1951n eraiki zen, Arragueta eta Bidebarrieta kaleek bat egiten duten tokian. Ekimena bultzatu dutenen artean Joseba Arantzabal arkitekto eibartarra dago eta, berak azaldu digunez, “Eibarren BHk eraiki zuen bigarren eraikina da, eta oraindik zutik dagoen BHren lehen eraikinetik gertu jaso zuten. BHren lehen eraikina izandakoan, besteak beste, Kutxabank eta Eroski daude gaur egun”.
Arkitektoen aitorpena jasoko duen eraikinean bizikletak egin ziren, 1960. urte inguruan enpresak Gasteizera joatea erabaki arte. Handik gutxira, 1963an, Leonardo Azpirik erosi zuen, eraikuntza eta iturgintzarako materialen biltegi gisa erabiltzeko. Hala egin zuen, 90. hamarkadan Matsariara lekuz aldatu arte. Horren ondoren, etxebizitzak egiteko moldatu zuten eraikina (2003-2005 urteetan).
Arkitektoen arabera, “BH tamaina eta balio handiko eraikina da. Hormigoi armatuz eraikita dago eta, Ego ibaiaren bi gangen gainean eta trafiko handiko bi kaleren artean egon arren, dotorezia eta traza zuzen modernistekin erantzun dio bere kokapen horri. Nabarmentzekoak dira azken solairuko terrazak dituen atzeraemangune jarraitua eta leiho horizontalen lerro ederra”.
Eibarren eraikin gehiago
Jose Ramon Martiarena Laskurain arkitektoa Zumaian jaio zen, 1898an. Titulua Madrilen lortu zuen 1924an, eta 1925ean Sorian zegoen jada, udal-arkitekto gisa lanean. Aldi berean, enkargu partikularrak ere egiten zituen. Han aritu zen lanean, 1942an Gipuzkoako Etxeko Lan Sindikalaren arkitekto-aholkulari izendatu zuten arte. Donostian hil zen 1966an. Eibarren, Cadenas Iris (Iparragirre, 2), Arane kaleko 15. zenbakian dagoen eraikina (lehengo Ojmar, Pampo gaur egun), Azitaingo gasolindegia, Juan Antonio Mogel (lehengo Carlos Larrañaga) auzoko etxeak eta beste hainbat Martiarenak egindakoak dira, baita ere.
INFORMAZIO GEHIAGO EGO IBARRAREN WEBGUNEAN