Berbalagunek El Pobaleko burdinola bisitatu zuten Muskizen

Industria aurreko bi jarduera garrantzitsuak ikusi zituzten bertan, burdinaren fabrikazioa eta errotaritza
Berbalagunek El Pobaleko burdinola bisitatu zuten Muskizen
2025/10/27 11:22
eta kitto!

Zapatuan Muskiz aldera joan ziren dozena bat berbalagun, bertan dagoen El Pobaleko burdinola bisitatzera. Fabrika hidraulikoa izan zen eta burdinaren meatzea lantzen zuten era guztietako tresnak eta erremintak fabrikatzeko. Martxan egon zen 1965. urtera arte. 2004az geroztik museo bizia da, burdinaren fabrikazioa eta errotaritza erakusten dituena. Eta, hain zuzen ere, bisita gidatuan burdinolaren historia eta funtzionamenduaren inguruko azalpenak entzun ondoren, burdina egiteko prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten berbalagunek: martxan jarri zuten gabia eta, ondoren, errementariak, burdinezko hainbat pieza egin zituen zuzenean. Zugaztietan bazkaldu eta gero, esperientzia berri batez lagunduta pozarren itzuli ziren Eibarrera.