Zabalik da ‘Idazlearekin harixa emoten’ helduentzako euskarazko irakurketa klubaren aurrematrikula epea
Zabalik dago ‘Idazlearekin harixa emoten’ helduentzako euskarazko irakurketa klubean aurrematrikula egiteko epea. Ainhoa Aldazabal euskal filologoak eta literatur feministan adituak eta …eta kitto! Euskara Elkarteak elkarlanean antolatzen dute ekimena. Urritik maiatzera egingo dituzte saioak, hilean behin, martitzenetan, 19:00etatik 20:00etara, Portalean.
Irakurketa klubak literatura gustuko dutenen arteko topagunea izan nahi du, irakurritako liburuen inguruan hitz egin, iritziak partekatu eta irakurketan sakontzeko. Gainera, idazleek ere parte hartuko dute saioetan, eta horrek irakurleek egileekin aurrez aurre solasteko aukera emango du.
Parte-hartzaile bakoitzak saioetarako liburuaren ale bat izango du. Horretarako, Udal Liburutegiak 20 ale eskuratzeko konpromisoa hartu du, eta aurrematrikula egiteko eskaeren hurrenkeraren arabera banatuko dira. Behin izena emanda, saioetara joatea eskatuko da; bi hutsegite eginez gero, eta itxaron-zerrendarik badago, plaza erreserba-zerrendako lehen pertsonari eskainiko zaio.
Jarduera 16 urtetik gorakoentzat eta doakoa da, eta taldea osatzeko gutxienez 10 lagun beharko dira. Aurrematrikula irailaren 13ra arte egin daiteke, horretarako prestatutako formularioaren bidez.