Berbetan euskera praktikatzeko taldeak
“Euskera ikasten dihardut baina ez dut norekin praktikatu”, “euskaldun zaharra naiz baina berba egiteko erraztasuna galdu dut”, “seme-alabekin gehiago egin beharko nuke baina ez naiz gai”, “ogia erostera noanean lotsa ematen dit euskeraz egitea”, “ahozko azterketa prestatu beharra daukat”… Behin eta berriro entzuten ditugun esaldiak dira. Euskera ikasi nahi duenak, jakina, hor ditu euskaltegiak eta Hizkuntza eskolak, baina askok, euskera, giro lasai, informal eta naturalean berba egitea nahi izaten dute, beste barik erraztasuna lortzeko edo lotsa gainditzeko, eta horixe da, hain zuzen, Berbetan programak eskaintzen duena.
Astean behin, ordubete
Taldeak astean behin elkartzen dira, ordubete, normalean tabernaren batean, zerbait hartzen duten bitartean. Lagunartean elkartzea moduan izaten da, berriketa arruntak, ze eguraldi egiten duen, asteburuan zer egin duten, telebistan zer ikusi duten… Solasaldi informalak. Izen-ematea doan da eta taldeek …eta kitto!-ko dinamizatzaile batekin izaten dute harreman zuzena. Urte osoan eman daiteke izena, …eta kitto!-ra deituta (943200918) edo bertara joanda.
Guraso, dendari eta ostalariak
Orain dela urte batzuk Berbetan egitasmoari azpi-atal espezifikoagoak ateratzea erabaki zuen …eta kitto!-k. Gurasoek euskeraren transmisioan duten funtzio garrantzitsua kontutan izanik, eurentzat sortu zen Gurasoak Berbetan; gauza bera egin zen dendarientzat ere, euren ordutegietara egokitutako taldeak eskainita, eta aurten, berritasun moduan, ostalariengana jo du …eta kitto!-k.
Dendariak Berbetan
Euskera praktikatzeko herriko dendariei eskaintzen zaien zerbitzua da. Berbetan programa orokorraren funtzionamendu berbera dauka: taldeak osatu eta astean behin elkartzen dira. Dendarien ordutegia kontutan harturik, eguerdian edo arratsaldean, denda ixterakoan elkartzen dira taldeak.
Herritarren aurrean lan egiten dute eta bezeroak eskatzen duen hizkuntzan harrera egiteak, bezeroari dendariekin euskeraz jarduteko aukera emateak, zerbitzuaren kalitateari plusa ematen dio.
Datozen asteotan zabalkundea egingo da berriro; herriko dendak bisitatuko dira programaren berri emateko.
Gurasoak Berbetan
Gurasoak, bizitzako beste arlo askotan bezala, euskerari dagokionean ere, eredu dira seme-alabentzako, euskeraren aldeko jarrera positiboa lantzeko orduan. Esparru estrategikoa osatzen du familiak euskeraren transmisioan eta hori kontutan izanik jarri zuen martxan gurasoentzako egitasmoa …eta kitto!-k orain dela lau urte. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen da programa, bertan jasotzen dute informazioa gurasoek, eta astean behineko taldeak antolatzeaz gainera, talde naturalak ere aprobetxatzen dira, esate baterako parkean sor daitezkeen guraso-taldeak.
Horrez gainera, guraso eta seme-alabentzat hainbat ekitaldi ere antolatzen ditu …eta kitto!-k urtean zehar: hilean behin, Barixakuak Jolasian-en barruan, hainbat ekintza egiten dira, hala nola tailerrak, jolasak…
Ostalariak Berbetan
Horixe da aurtengo berritasun nagusia. Tabernetan ere euskeraren erabilera bultzatzea du helburu egitasmo horrek, barraren alde batean zein bestean daudenei euskera praktikatzeko aukera eskainiz. Euskera maila, jakina, ez da berdina izango tabernari guztien artean, baina hori ez da oztopo. Pixkanaka hasiko den prozesua izango da, esate baterako lehenengo hitza edo agurra euskeraz egitea. Ostalarien ordutegia dela-eta astero taldeetan elkartzea zailagoa zela ikusirik, bestelako funtzionamendua izango du programa honek: Euskeraz Primeran! goiburu hartuta jarriko da martxan kanpaina, izena eman duten tabernetan (kanpainan diharduten tabernetan bereizgarria ikusgai egongo da). Erantzun ona izan du ekimenak eta orain arte 30 taberna inguruk egin dute bat egitasmoarekin.