Berdintasunaren pasealekutik Mekola kaleraino doan igogailua martxan dago
Mekolako igogailu berria martxan dago aurreko asteaz geroztik. Orain dela bi hilabete Errekatxukoak inauguratu eta gero, aurten martxan jartzen den hirugarren igogailu publikoa da hauxe. Proiektuak 1.642.547 euroko aurrekontua izan du, eta 40 asteko iraupena izan duten lanak Altuna y Uría enpresa adjudikaziodunak egin ditu.
Igogailua Berdintasunaren pasealekutik abiatu eta Mekola kaleraino, Ardantzatik datorren bideraino doa. 11 metroko altuera gainditzen du, eta tarteko geraleku bat dauka, Mekolako 6., 7. eta 8. zenbakietako etxebizitzei zerbitzua emateko. Goiko aldea oinezkoen pasarela batekin konektatzen da Ardantzatik, eta etxebizitzen urbanizazio berritik Mekolara datorren bidera.
Udaletik kudeatzen ari diren proiektu hau osatzeko, bigarren gailu bertikal bat egingo da Arrate-Bideraino, gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen aldamenean. Plan integralak jasotzen du, halaber, Bildosolaneko txaleta zegoen lurretan parke bat egitea, lorategi zabal batekin, eta San Juan kalearen atzealdean dagoen aisialdi-eremua berrurbanizatzea.