‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren udazkeneko edizioa egingo da urria eta abendua bitartean
Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren beste edizio bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasteko, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko eta balio erantsia emateko. Birziklatzea eta berrerabiltzea funtsezko jardunbideak dira xahuketa murrizteko eta baliabideak kontserbatzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta, aldi berean, etxeko ekonomiari mesede egin diezaioketen konponbideak emanez. Tailerrak denden lankidetzarekin (Eskusutxo, El Taller de Manualidades, Baratze, Adarabar eta Zorionak Ludoteka) eta beste entitate batzuen laguntzarekin (Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua) antolatu dira; jarduerak toki horietan egingo dira.
Udala 2021ean hasi zen tailer hauek antolatzen, eta harrezkero oso harrera ona izan dute. Hasieran, edizio bat antolatzen zen urteko, baina iaz, herritarrek erakutsitako interesa ikusita, urtean bi antolatzen hasi zen, udaberrikoa eta udazkenekoa. Hala, 2024an, apirila eta ekaina bitartean 10 tailer egin ziren, eta urria eta abendua bitartean, 9.
Tailerretarako aurrematrikulak egiteko epea datorren astelehenean (irailak 23) irekiko da, eta urriaren 3ra arte egongo da zabalik (bi egunak barne). Aurrematrikula Pegoran egin beharko da edo Udaleko webguneko formulario honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/es/berrerabilietaberrasmatu2024-02
Lehenengo tailerra “Etxeko oinarrizko konponketak: estaldurak eta pintura” da. Gaztelaniaz izango da, eta urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an egingo da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).
Urriaren 23an, “Ikasi zure bizikleta konpontzen” tailerra egingo da, 18:00-20:00 bitartean, euskaraz eta gaztelaniaz. Klub Deportiboak emango du eta Errebal Plazan izango da (A gela).
Urriaren 24an eta 31n eta azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, “Etxeko oinarrizko konponketak: iturgintza” tailerra egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).
Laugarrena “Sortu zure Halloween sorta” tailerra da, eta urriaren 26an egingo da Zorionak Ludotekan (Urkizu pasealekua, 3), 11:00etatik 13:00etara. Haurrak zaintzeko zerbitzua jarriko dute Zorionak Ludotekako langileek (gehienez ere bi haur, 4 eta 10 urte bitartekoak).
Azaroaren 9an, "Tapizatu eta estreinatu: zaharretik berrira" tailerra egingo da, gaztelaniaz, 10:30etatik 13:00etara, El Taller de Manualidades dendan (Bidebarrieta, 44).
“Berrasmatu altzari berri bat paletekin” tailerra azaroaren 13an, 20an eta 27an eta abenduaren 4an egingo da. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).
Azaroaren 16an, “Kortxoekin jolasten: Gabonetako apaingarriak” izeneko tailerra egingo da, 11:00etatik 13:00etara, Estaziño kaleko 16 zenbakian, Eskusutxoren eskutik.
Azaroaren 23an, "Zianotipia botanikoa: naturaren elementuak birziklatuz osagarriak berrasmatu" izeneko tailerra egingo da euskaraz, 11:00etatik 13:00etara, Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b).
Azkenik, abenduaren 3an, “Aprobetxamenduzko sukaldaritza: Gabonetako soberakinekin errezetak egitea” tailerra egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:30etik 20:30era. Baratzeren eskutik egingo da Portaleko sukaldean (Bistaeder,10).
Tailerrak adinez nagusiak direnentzat dira eta pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahalko du izena. Saioetako batean matrikulatutakoen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada, bertan behera geratuko da tailerra. Eta aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da. Udalak onartuen zerrenda urriaren 7an argitaratuko du Pegoran eta udal-webguneko atal honetan: ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’.
Onartutakoek urriaren 8tik 15era bitartean egingo dute matrikula, Udalaren webgunearen “Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak” atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez.
Matrikula Pegorako (Herritarren Zerbitzurako Bulegoa) ate ondoko postontzian utzi beharko da, (astelehenetik igandera, 7:30etik 21:30era). Ez bada matrikula aurkezten, galdu egingo da plaza.
Tailer hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi edo 943708408 telefonora dei dezakate.
Tailerren prezioak 8 eta 17 euro bitartekoak izango dira.
Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.