Berriz ere eskolara

Berriz ere eskolara
2018/09/14 09:13
eta kitto!
Udako oporrak amaitu dira eta Eibarko hezkuntza zentroek ateak ireki dituzte berriz ere. Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskaintzen dituzten herriko zentroek 5.241 ikasle jasoko dituzte ikasturte honetan, iaz baino bat gutxiago. Haur Hezkuntzatik Batxilergora D eredua da ikasleen aukera nagusia, baina Lanbide Heziketa egiten dutenek nahiago dute A ereduan ikasi.

 

Azken hamarkadako joera apurtu da hasi berri den ikasturtean eta ez da hazkunderik egongo matrikulazioetan. Izan ere, aurten 5.241 ikaslek eman dute izena unibertsitatekoa ez diren ikasketak egiteko Eibarren (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa), iaz baino bat gutxiago.

Hizkuntzari dagokionez euskara da ikasle eibartarren aukera nagusia. Ikasleen %77k euskaraz egingo dituzte ikasketak, hau da, 4.021 ikaslek eman dute izena D ereduan, baina ikasleen adina handiagoa den neurrian gazteleraren hautaketa gero eta nabarmenagoa dela esan beharra dago.

Haur hezkuntzako 1.055 ikasleek D eredua aukeratu dute, baina hortik aurrera ikasketak B edo A ereduan egiteko hautua egin dute hainbat ikaslek. Lehen Hezkuntzan, adibidez, 1.493 ikaslek D eredua aukeratu dute (157 ikaslek B eredua, euskara eta gaztelera uztartuz); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 908 ikaslek aukeratu dute D eredua (202 ikaslek B eredua); 305 ikaslek egingo dute Batxilergoa D ereduan (131 ikaslek A ereduan, euskara ikasgai bat izango delarik); eta Lanbide Heziketako zikloetan 260 ikaslek aukeratu dute D eredua (552 ikaslek A eredua eta 169 ikaslek B eredua aukeratu dute).

Zenbakiei begiratuta ikusten da D eredua aukeratzen duten ikasleen portzentaia behera doala adinean gora egin ahala. Zentzu honetan azpimarratzekoa da Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten zentroek, Uni Eibar-Ermua eta Armeria Eskolak, zikloetako ikasketak euskaraz egitea bultzatzeko joan den ikasturtean martxan erakutsitako asmoa. Udalaren eta ‘...eta kitto!’ Euskara Elkartearekin batera elkarlanean dabiltza zentro biak, eta ikasle gehienek Lanbide Heziketa gazteleraz egitea aukeratzeko arrazoien eta konponbideen bila dabiltza lanean buru-belarri.

 

Ikasleentzako diru-laguntzak

Ikasturte hasieran dauden gastuei aurre egin eta Eibarko merkataritza guneetan erosketak egitea indartzeko orain dela 18 urte martxan jarri ziren diru-laguntzak dira ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programak. 2 eta 15 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago lehena eta 16 eta 25 urte bitartekoentzat bigarrena, eta ikasle bakoitzak 60,10 euro jaso ditzake laguntza horien bitartez.

Aurtengo ikasturtean 258.800 euroko partida bideratu du Udalak programa hauek asetzeko. Erropak, zapatak, kirola egiteko materiala, eskolarako materiala (liburuak ezik), betaurrekoak eta lentilak erosi ahal dira diru honekin Eibarko dendetan, eta urriaren 31an amaituko da diru-laguntza jasotzeko epea.

‘Umeak Eskolara’ laguntza jaso ahal dutenek gutuna jasoko dute etxea eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programako onuradunak, bere aldetik, Pegorara joan beharko dira dokumentazioaren bila.