Eibarko Klub Deportiboaren Atletismo Eskolak izena emateko epea zabaldu du

2013 eta 2018 artean jaiotako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute 2026/2027 denboraldian
Eibarko Klub Deportiboaren Atletismo Eskolak izena emateko epea zabaldu du
2026/09/07 10:07
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboaren Atletismo Eskolak 2026/2027 denboraldirako izena emateko epea zabaldu du. Korrika, jauziak eta jaurtiketak gustuko dituzten haur eta gazteei zuzenduta dago, eta entrenamenduak taldean, modu seguruan eta dibertigarrian egiteko aukera eskainiko du.

Parte-hartzaileak hiru kategoriatan banatuko dituzte adinaren arabera: Benjamin mailan LH4ko ikasleak eta 2017-2018 urteetan jaiotakoak arituko dira; Alebin mailan, LH5 eta LH6koak eta 2015-2016an jaiotakoak; eta Infantil mailan, DBH1 eta DBH2koak eta 2013-2014an jaiotakoak.

Entrenamenduak irailaren 9an hasiko dira Unbeko atletismo-pistan, eta iraila probatzeko doan izango da. Saioak, normalean, arratsaldeko 17:05etik 18:45era egingo dituzte. Parte hartzeko, Eibarko Kirol Patronatuko eta Klub Deportiboko bazkide izatea beharrezkoa izango da.

Denboraldian zehar, entrenamenduez gain, Gipuzkoan egingo diren kros eta pista-probetan parte hartuko dute, baita Gipuzkoako Txapelketetan ere. 2027ko ekainaren hasieran edo erdialdean amaituko dute denboraldia, eta azken astean amaiera-festa egingo dute.

Markel Gutierrez izango da Atletismo Eskolako arduraduna, Nora Martinez, Farah Chajarne, Elene Beobide eta Martina Egaña klubeko atleta eta entrenatzaileen laguntzarekin.

Informazio gehiagorako atletismoa@deporeibar.com helbidera idatzi.