Bizikleta izango da protagonista Eibarko Mugikortasunaren Astean

Bizikletak prest jartzeko zerbitzua eta garraio publikoari buruzko escape rooma egingo dituzte bihar
Bizikleta izango da protagonista Eibarko Mugikortasunaren Astean
2026/09/15 10:34
Ekhi Belar Errasti

Eibar Mugikortasunaren Astearen barruan murgilduko da egunotan, eta bizikleta, garraio publikoa eta mugitzeko modu jasangarriagoak izango dira programazioaren ardatzetako batzuk. Bihar, irailak 16, bi ekimen izango dira Unzagan: alde batetik, bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko furgoneta-tailerra eta, bestetik, ‘Misterioa Topo Express-ean’ escape rooma.

10:30etik 14:00etara, MUGI txartela duten herritarrek bizikletak doan berrikusteko aukera izango dute. MUGI txartelik ez dutenek bertan eskatu eta sistemaren abantailei buruzko informazioa jasotzeko aukera ere izango dute. Parte hartzen dutenek bi bizikletaren zozketan eta MUGI txarteletarako 20 euroko 60 kargaren zozketan parte hartu ahal izango dute.

Gazteei bereziki zuzendutako proposamena izango da ‘Misterioa Topo Express-ean’ escape rooma. 45 eta 60 minutu arteko jarduera da, eta jokoaren bidez garraio publikoaren erabilera, MUGI sistemaren abantailak eta mugikortasun autonomoagoa landuko ditu. Jarduera amaitzen dutenek ere bizikleten eta MUGI kargen zozketetan parte hartuko dute.

 

Bizikletak bigarren eskutik, larunbatean

Mugikortasunaren Astearen barruan, irailaren 19an, larunbatean, bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da Unzaga plazan, 10:00etatik 14:00etara. Bizikletaz gain, mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste objektu batzuk ere erosi eta saldu ahal izango dira, hala nola patineteak, trizikloak, kaskoak, gurpilak edo bizikletentzako osagarriak.

Saltzeko objektuak aurrez erregistratu beharko dira merkabi.eus/eibar helbidean, eta bakoitzak hiru objektu eraman ahal izango ditu gehienez. Objektuek egoera onean egon beharko dute eta salmenta-prezioak ezin izango du 700 eurotik gorakoa izan. Zerbitzua doakoa da.

Larunbateko egitarauak bizikletaren inguruko beste bi proposamen ere jasotzen ditu. 10:00etatik 14:00etara bizikletak konpontzeko tailerra egingo da, eta 17:00etatik 19:30era, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzako bide-hezkuntzako zirkuitua eta gymkhana. Parte hartzeko, bizikleta edo patinetea eraman beharko da; euria eginez gero, jarduera Errebal Plazan egingo da.

 

Mugikortasunaren etorkizuna Eibarren

Ekimen puntual horiez harago, mugikortasuna gai estrategikoa da Eibarren. Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) lantzen ari da, 2025-2029 aldirako, eta planaren helburuen artean udalerriko mugikortasuna egungo beharretara egokitzea eta garraio jasangarriagoak sustatzea dago.

Eibarren kasuan, erronka berezia da udalerriaren orografia. Hala ere, azken urteotan bizikletaren presentzia handitzeko bideak proposatu dira, besteak beste, bidegorriak hiri-sarearekin lotzea eta inguruko udalerriekin konexioak hobetzea. Udalaren dokumentu estrategikoek Eibar-Ermua eta Eibar-Soraluze arteko loturak eta bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna sustatzea jasotzen dituzte.

Ildo horretan, Eibarren HMJParen azken faseak aurrera egiten ari dira, eta planak oinezkoari lehentasuna ematea, kale eta espazio publikoetan segurtasuna indartzea eta erdigunearen, auzoen eta landa-eremuaren arteko konexioak hobetzea ditu ardatz.