Blanca Tulleuda: “Tratu txarrak ematen dituena ezin da aita ona izan”
Blanca Tulleuda katalanak indarkeria bikarioa eta genero-indarkeria instituzionalari buruz hitz egingo du urtarrilaren 24an Ipurua Merkatu Plazan. Blanca "Libres de Violencia Vicaria" eta "CEPAMA" elkarteetako kidea da. Instagram sare sozialean ezaguna da, gai horien inguruan egiten duten dibulgazio eta kontzientziazio lanengatik. Indarkeria bikarioa genero-indarkeria mota bat da eta, bere bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabak objektu gisa erabiltzen dira euren amei tratu txarrak emateko eta mina eragiteko. Blancak genero-indarkeria jasan zuen ezkonduta egon zen bitartean, eta gaur egun ere indarkeria bikarioa eta instituzionala sufritzen jarraitzen du.
Blanca Tulleuda katalanak Instagramen @labirabola kontua irekitzea erabaki zuen, berak bezala genero-indarkeriaren biktima diren beste emakumeei laguntzeko eta, era berean, problematika horren gainean mundua kontzientziatzeko.Denborak aurrera egin ahala, konturatu da prozesu horrek ere lagundu diola sendatzen eta ezagutzen ez zituen baina, zoritxarrez, bere erasotzailearen erruz bizi izan zituen gauza askotaz ohartzen.
@labirabola kontuaz gain, @dibu2pia kontua ere badaukazu Instagramen. Zertarako erabiltzen dituzu?
Emakume askorengana iristeko modua da. La Birabolaren bitartez ikertu, ikasi, marraztu, ilustratu eta gero irakatsi egiten dut. Beste biktima eta elkarte batzuekin harremanetan jarrita, tratu txar mota guztiak ikertzen ditut. Ikasi indarkeria matxista mota guztiei buruz: genero-indarkeria, bikarioa, gurasoen alienazio-sindromea, indarkeria instituzionala... Gero, zirriborro bat pentsatu eta lanari ekiten diot. Azkenean, ilustrazio bat lortzen dut, gai jakin bati buruzko informazio asko biltzen duena. Emakume askok euren egunerokoan bizi dutena munduari erakusteko modua da. Nire prozesuaren parte da. Oso gauza konplexuak dira, eta modu sinplean erakutsi behar dira. Abendutik Ipuruako Merkatu Plazan martxan dago nire ilustrazioen erakusketa eta urtarrilean ere zabalik egongo da.
Laburbilduz, zertaz egiten duzu berba ilustrazioen bidez?
Indarkeria bikarioari ahotsa ematen diot, eta emakume askok erasotzailea salatzera animatzen direnean bizi duten indarkeria instituzionalaz hitz egiten dut. Eta azaltzen dut tratu txarrak ematen dituena ezin dela aita ona izan. Tratu txar psikologikoa zer den ere azaltzen dut, batzuetan ez baita horretaz hainbeste hitz egiten.
Zer da indarkeria bikarioa?
Emakumezkoen kontrako indarkeria mota bat gehiago da, seme-alabak tresna moduan erabiltzen dituena. Betidanik eman da, baina orain dela 15 urte jarri zion izena Sonia Vaccaro psikologo argentinarrak. Helburua beti amari min ematea da.
Hilaren 24an hitzaldia eskainiko duzu Ipuruan. Nolako saioa prestatu duzue?
Nire interbentzioaren ondoren, Maria Bestarren "No estás loca" film laburra ikusiko dugu eta berarekin hitz egin ahal izango dugu. Lan hau leku askotan saritu dute, eta bertan tratu txar psikologikoak ikus daitezke. Oso ohituta gaude tratu txar fisikoen irudiak ikustera, baina inoiz ez zaio heltzen horren aurreko tratu txarrari, kaltegarriagoa eta iraunkorragoa denari, psikologikoari. Horren barruan indarkeria bikarioa nabarmentzen da, oso ezezaguna baita eta uste duguna baino ohikoagoa. Klase ertain altuko bikote baten harremanean oinarritzen da; izan ere, badirudi horrelako tratu txarrak gizarte-klase baxuagoetan bakarrik gertatzen direla.
Zuk zeuk ondo dakizu indarkeria matxista zer den. Azaldu dezakezu zer pasatu zitzaizun?
Bost seme-alabaren ama naiz. Ekonomialaria eta informatikaria, 20 urte baino gehiago eman ditut sektore pribatuan lanean, eta baita Bigarren Hezkuntzako irakasle bezala. 2016an nire buruaz beste egiten saiatu nintzen, irtenbiderik ikusten ez nuelako. 2019an dibortziatu egin nintzen, nire seme-alaben aitak eragindako indarkeria-zikloa hautsi nahian, baina indarkeria areagotu baino ez zen egin. Indarkeria sexuala, psikologikoa, ekonomikoa eta bikarioa salatu nituen, baina artxibatu egin zen. Dibortzio lasaia izango zela uste nuen, baina guztiz kontrakoa gertatu zen: kalbarioa izan zen. Urte eta erdi baino gehiagoz errekurritu zen, eta frogarik ez zegoenez, artxibatu egin zen, lekukotza ematera deitu ere egin gabe. Gainera pandemia hasi zen, denbora gutxi neraman autonomo moduan, ezin nuen lanik egin... Mendeku gisa, familiako epaitegi zibilen bidez nire seme-alaba txikienengandik banandu ninduen, pandemiaren ondorioz hilabeteak zeramatzatelako nigandik aparte. Pentsio ezinezkoak ordaintzera behartu ninduten, nire soldata baino zenbateko handiagoekin, bere posizio ekonomiko diruduna eta bere jabetzako enpresa edo higiezinak baloratu gabe. Bera oso ondo aholkatuta zegoen, eta bazekien zer egiten zuen.
Eta azkenean nahi zuena lortu zuen...
Salaketen eta ondorengo judizializazioaren estrategia prozesal bat taxutuz, etengabeko tratu txarrak, mehatxuak eta jazarpen digitala egiten jarraitu du ni re eta nire familiaren aurka, agintariek ahaldunduta eta nire seme-alaben bitartez. Bi urte baino gehiagoz nire seme-alabetako batzuk ikustea edo eurekin komunikatzea eragotzi zidan. Psikologiako eta abokatutzako profesionalen laguntzarekin SAP faltsu bat jarri ziguten, eta Estatuko erakundeei edo profesionalen elkargoei egindako kexek ez digute ezertarako balio izan. Gaur egun modu penalean salatuta nago ez ordaintzeagatik. Isuna eta kartzela eskatzen ditu bere mendekua betetzeko.
Estatuko beste leku batzuetan bezala, martitzenean Eibarren elkarretaratzea egin zen Juana Rivas eta bere semeei babesa adierazteko.
Hainbeste haurrek eta amek bizi dituzten egoeren aurrean, Danielek eta Juanak besteak beste, uste dugu herriak ezin duela hainbeste sufrimendurik onartu, ezta babesik gabeko haurtzarorik onartu, indarkeria honek haur eta ama hauen bizitzetan eta gizarte osoan eragiten duen inpaktu konponezinagaitik. Alferrik da genero-indarkeriari buruzko munduko araugintza-sistemarik aurreratuena izatea, aplikatzeko erantzukizun handiena dutenek aplikatzen ez badute, epaile batzuen kasuan bezala. Horren aurrean, benetako justizia eskatzen dugu, kasu gehiegitan emakumeak eta haien haurrak babesik gabe uzten dituen sistema baten aurrean. Adibidez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Indarkeriaren aurkako Estatuko Behatokiak emandako datuetako bat: aurrreko bi urteetan %12,75ean baino ez zen ezarri "tratu txarrak ematen dituen aitari" bisita-erregimena eteteko neurri zibila (legez, 2021az geroztik, arau orokorra izan behar du), eta %0,59an bakarrik hartu ziren adingabea babesteko neurriak, haren arrisku edo kalteren bat saihesteko. Legea aplikatzea eskatzen dugu. Benetako justizia eskatzen dugu, kasu gehiegitan emakumeak eta euren haurrak babesik gabe uzten dituen sistema baten aurrean.