'BUNA. Isiltasun osteko ahotsak' Etiopiako argazki erakusketa ikus daiteke Topalekun
Egoaizia Eibarko GGKE-ak aurten 25 urte bete dituela eta antolatu dute Etiopiako errealitate gordina argazkien bitartez islatzen duen erakusketa. Aurreko eguenan izan zen inaugurazioa, eta Eibarko zein kanpotik etorritako jende ugari elkartu zen bertan. Erakusketa zabaltzeko ekitaldia berezia izatea nahi zuten Egoaiziako kideek, baita lortu ere. Hasteko, Etiopiatik kanpora lehen aldiz bidaiatu duen Kunom Hailu, Etiopian eibartarrekin batera lankidetzan aritzen den 4YBIN erakundeko zuzendaria bertan egotea lortu zuten, eta berak azaldu zion jendeari erakusketako irudietan ikusten dena. Ingelesez, bere ahotik zuzenean, 2020ko azaroaz geroztik Etiopiako iparraldean dagoen Tigray eskualdean bizi duten gerraren alderik gordinena ezagutzeko aukera eman zuen itzultzaile baten laguntzarekin egin zuen bisita gidatuan.
Jarraian, goiko pisuan, Iñaki de Luisek Etiopian, Egoaiziako kideekin grabatutako dokumental laburraren proiekzioa egin zen, eta jarraian zuzendariarekin solasaldirako tartea egon zen. Horrelako toki batean grabatzeko zailtasunak, egoera oso larrian daudenei ahotsa emateak sortzen dituen sentimenduak eta beste hamaika gauza kontatu zituen LuzNorte Films-ek ekoitzitako film laburraren zuzendariak. Eta, amaitzeko, Etiopiako janari tipikoa probatzeko aukera izan zuen jendeak, Ethiopia-z Donostiko jatetxekoen eskutik. Gainera, bertako emakume tigrinyar baten eskutik Etiopian garrantzi handia duen kafe-zeremonia tradizionala bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izan zuten bertaratutako guztiek. Egoaiziako kideek diotenez, “erakusketaren inaugurazioa une hunkigarria izan zen, entzutea, elkartzea eta konpromisoa ardatz izan zituen ekitaldiau”.
Kunom Hailuren berbetan, bere lurraldean bizi duten gerran 600.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, eta 120.000 emakume eta neskato inguruk sexu-indarkeria sistematikoa pairatu dute. Blokeo militarrak, lehorteak eta goseteak areagotu duten krisi humanitarioa, baina, guztiz ikusezina da munduarentzat, arreta mediatikotik guztiz kanpora dago eta.
Laguntza ematen lehenak
Egoera horren aurrean, Egoaizia GGKE eibartarra izan da lehenetarikoa eskualdean laguntza humanitarioa ematen. Hasieratik, tokiko erakundeekin lankidetzan aritu da, elikagaiak, haziak, abereak eta tresna agronomikoak banatuz, baita laguntza psikosoziala ere, batez ere sexu-indarkeriaren biktima izan diren emakumeekin. “Buna” izeneko tokiko kafearen errituala espazio terapeutiko bilakatu da, emakumeek beren mina partekatu, loturak berreraiki eta kolektibokisendatzekoaukeraizan dezaten.
Erakusketak 30 argazki jasotzen ditu, euskaraz eta gazteleraz idatzitako testuekin lagunduta. Irudiak Ximena Borrazas, Edgar Gutierrez eta Iñaki Luis fotokazetariek egin dituzte. Egoaiziako kideen berbetan, “gatazka, migrazio eta gatazken osteko testuinguruetan esperientzia handiko profesionalak dira hirurak. Beraien lanak National Geographic, The Guardian,Le Monde,BBC edo El Pais bezalako komunikabideetan argitaratu dira, eta euren begirada konprometituak testuinguruaren gogortasuna zein protagonista diren emakumeen duintasuna erakusten ditu”.