CodeSyntax-ek euskeraz emango dituen tailerretarako izen-ematea luzatu dute

CodeSyntax-ek euskeraz emango dituen tailerretarako izen-ematea luzatu dute
2014/03/25 00:00
eta kitto!

Gertatu Foroak udalarekin lankidetzan antolatu dituen tailer digitalak aurkeztu dituzte gaur (martitzena, hilak 25) CodeSyntax enpresaren egoitzan, Azitaingo industrialdean. Mª Jose Telleria Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza batzordeburuak, Junkal Txurruka Euskara teknikariak eta Eneko Astigarraga eta Gari Araolaza Gertatu Foroko eta CodeSyntax-eko kideek azaldutakoari jarraituta, "enpresa berriak sortzeko orduan horrelako gaiak kontuan hartzea komeni dela uste dugu. Tailer digital hauetan landuko direnekin zaletasunetik haratago joan daitekeela erakutsi nahi dugu, afizio horretatik ofizio edo lanbidea sor daitekeela, alegia". CodeSyntax bera "open directory" proiektu batetik sortu zela gogora ekarri dute, "eta gaur egun hamabost lagunek dihardugu bertan beharrean".
Tailer bi antolatu dira eta biak CodeSyntax-ekoek emango dituzte, euskaraz: Geolokalizazio aktiborako tailerrean parte hartzen dutenek, besteak beste, GPS-a zer den eta nola erabili, geolokalizazioa erabiltzen duten aplikazio sozialak zeintzuk diren ikasi eta Google Maps, MApFactor, OpenStreetMap… nabigazioarako aplikazioak ezagutzeko aukera izango dute. Horrekin batera, GPS sistema aisialdirako ekintzetan nola erabili erakutsiko diete eta Wikiloc, ibilbideak.euskadi.net, OruxMaps bezalakoetan ibilbideak partekatzen ikasiko dute. Portaleko harrera-lekuan emango da, apirilaren 1ean eta 3an, 18.30etatik 20.00etara eta GPS sistema duen mugikorra edo tableta eraman beharko dira.
Eta Auzolan digitala Wikipedia editatzen ikastaroan Wikipedia bezalako proiektu batean lan egiteko tresnak erakutsiko dituzte: wiki bat zer den, Wikipedia, edukiak eta eskumenak, Wikipedia eta erabilpenak (testuak, irudiak, bestelakoak…) eta edukiak nola sareratu eta partekatu… Apirilaren 8an eta 10ean emango dute,18.30etatik 20.00etara Portaleko harrera-lekuan eta ordenagailua edo tableta eraman beharko dira.
Parte hartzeko hamasei urtetik gora izatea eskatzen dute. Eibarren erroldatuta daudenentzat 6 euro balio du eta besteentzat 10 euro. Oraindik plazak geratzen direla ikusita, izena emateko epea luzatu dute antolatzaileek, lehen tailerraren kasuan hilaren 28ra arte eta bigarrenaren kasuan apirilaren 4ra arte. Interesa dutenek Pegorara joan beharko dute izen-ematera.