Cristina Gabilondo Azpiazu, arkitektoa: "Errebal ingurua hobetu nahi nuelako egin dut proiektua"
- Zeintzuk dira zure proiektuaren ezaugarri nagusiak?
Inguruarekiko errespetua eta, horrekin batera, Errebal eta inguruko merkataritza berpizteko nire asmoa. Materialei dagokienez, Eibarko industria tradizioa kontuan izan dut eta horregatik burdina eta hormigoia dira nagusi. Eibarko Plan Nagusia kontuan izan dut eta, horregatik, Coliseo parean parke publiko baterako tokia aurreikusi dut, bestalde. Gainera, altuera ezberdinak (Errebalgo etxeak, El Cascoko etxea, Muzategiko etxe berriak eta errehabilitazio zentrua) lotzen doazen estalkiak jendeak erabiltzeko modukoak dira eta, beraz, espazio publiko modura erabiltzekoak. Horiek hainbat erakusketa egiteko aprobetxatzeko aukera ere aurreikusten dut. Adibidez, Alfa Arten egiten dituzten lanetako batzuk bertan erkutsi litezke, behin betiko tokira eraman aurretik jendeak ikus ditzan.
- Nola egituratu duzu tokiaren erabilera?
Beheko solairuan hiru merkatu mota ezberdin hartuko lituzkeen merkatua joango litzateke: Errebal parean baserritarrak hartzeko merkatua legoke eta barruan, berriz, beste postuak ipintzeko merkatua, lehengo merkatu plazaren bidetik; hirugarren merkatua degustazio modukoa izango litzateke, jendeak ardo, gazta, iberiko eta horrelakoak hartzeko aukera eskainiko lukeen merkatua, alegia. Lehenengo pisua (4 metroko altueran) jatetxe eta kafetegirako erabiltzea proposatzen dut. Dena beiratearekin inguratuta egongo litzateke eta lehenago aipatutako parkearekin lotzeko aukera egongo litzateke. Lur azpian, lehenengo solairuan, zamalanetarako eta biltegietarako tokia egongo litzateke eta 2. eta 3. solairuak, berriz, aparkalekuak joango lirateke. Dena aldez aurretik egindako elementuekin egitea da nire proposamena, horrela eraikitzea merketu eta beharrak azkarrago amaitzeko.
- Zergatik aukeratu duzu Errebal karrera amaierako proiekturako?
Ni Ibarkurutzekoa naiz eta oso parean izan dut Errebal: lehengo merkatu plaza ezagutu nuen, gero tokia poliki nola degradatzen joan den ikusi dut, inguruko negozioak moteldu… Hori ikusita, inguru hori nola hobetu pentsatzen hasi eta horrela sortu nuen proiektua.
- Proiektua diseinatzeko orduan beste nunbaitetik hartutako adibideak izan dituzu kontuan?
Madrilen bizi izaten egon naiz eta han San Migueleko merkatua goitik behera nola berritzen zuten ikusteko aukera izan nuen. Degustaziorako azoka bilakatu dute, zerbait hartzera joateko aukera eskaintzen duten hainbat posturekin eta jendeari asko gustatu zaiola ikusi dut, horregatik pentsatu dut horrelako zerbaitek Eibarren ere arrakasta izan dezakeela .